→Basauri

Bizkotxaldeko hareazko parkea berritzeko proiektua lizitaziora aterako du Udalak datozen hilabeteetan

Basauriko haurrentzako parkeak berritzen jarraitzen du Udalak. Bizkotxaldeko parkea eraberritzeko 360.000 euro inbertituko dituzte, eta Zuberoako parkerako 40.000 euro inguru.

Bizkotxaldeko hareazko parkea, gaur egun // Argazkia: Geuria

Basauriko haurrentzako parkeak berritzen jarraitzen du Udalak. Azkenak, Karmelo Torre eta Kantabria kaleetako jolas-parkeak. Karmelo Torreko parkea ia amaituta dago, eta laster bankuak jarriko dituzte, eta Kantabriakoari dagokionez, jolas berriak kokatzearen zain daude udal arduradunak.

Bi parke horiez gain, Bizkotxaldeko hareazko parkea eta San Migeleko Zuberoa kaleko parkea berritzeko proiektuak lizitaziora aterako ditu datozen hilabeteetan Udalak. Bizkotxaldeko parkea eraberritzeko, gutxienez, 360.000 euro inbertituko ditu Udalak, eta Zuberoako parkerako 40.000 euro inguru bideratuko ditu.

Bizkotxaldeko hareazko parkea berritzea iazko maiatzeko hauteskunde kanpainan proposatu zuen Basauriko EAJk. Asmoa da haurrentzako jolas berriak ipintzea eta estalki bat jartzea. Bestetik, Zuberoa kaleko parkean esku-hartzea EH Bilduren zuzenketa izan da aurtengo aurrekontuan.

1,2 milioi euroko inbertsioa

Karmelo Torre, Kantabria, Zuberoa eta Bizkotxaldeko parkeak eraberritzeko Udalak 511.000 euroko inbertsioa egingo du: 81.000 euro Karmelo Torren, 30.000 euro Kantabrian, 40.000 euro Zuberoan eta 360.000 euro Bizkotxaldeko hareazko parkean.

Gainera, 2011 eta 2019 artean parkeak eta aisialdirako guneak hobetzen eta berritzen 700.000 euro inguru inbertitu ditu Udalak. Hala nola, Kareagako parke berrian (206.385 euro), Soloarte eta San Migeleko haurrentzako parkeak estaltzen (74.531 euro eta 58.072 euro, hurrenez hurren), Madril kaleko parkean (28.000 euro), Basozelaiko Skateparka (177.021 euro) edota Bizkotxaldeko kalistenia gunea (36.811 euro). Hau da, guztira, bederatzi urtetan 1,2 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte parkeak eta aisialdirako guneak egokitzen.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak 193.526 euro inbertitu zituen 2014an Iñigo Cabacas plazan, Gipuzkoa eta Sebero Otxoa kaleen arteko elkargunean.

“Haur-parkeen eta aisialdirako guneen sarea hobetzen jarraituko dugu, modu progresibo eta jarraituan, txosten teknikoaren arabera lehentasunezkoenak direnak, erabilera handiagoa dutenak edota mota horretako espazio gutxiago dituzten guneetan daudenak azpimarratuz”, dio Nerea Renteria Udaleko Hirigintza arloko zinegotziak.

Parke guztien egoerari buruzko txostena

Urtero, Basauriko Udalak aurrekontuaren ehuneko bat erabiltzen du haur-parkeak hobetzeko, berritzeko eta instalatzeko, udal diru-kutxaren eskuragarritasun ekonomikoaren arabera. Ildo horretan, duela hilabete batzuk, enpresa espezializatu bat kontratatu zuen parke guztien egoerari buruzko txostena egiteko. “Izan ere, gehienak egungo araudia indarrean sartu aurretik eraikita zeuden, eta parametro berrietara zenbateraino egokitzen ziren jakin nahi genuen. Araudi horietan ezarritako segurtasunekoak, azken urteotan promulgatu direnak, hautematen diren akatsak pixkanaka konpontzen joateko, eta zuzenketa hori egiten ari gara”, dio Renteriak.

Gaur egun, haurrentzako 38 gune eta 9 gune osasungarri daude Basaurin, eta gehienak egungo arauditik kanpo zeuden. Horregatik, Udalak beharrezkotzat jo zuen udalerriko parkeak ikuskatzea eta arau berrietara zenbateraino egokitzen ziren identifikatzea.

“Txostenak berritzeko asko zegoela esango zigula argi geneukan, eta horregatik hasi ginen parke eta aisialdi gune batzuk berritzen, eta beste batzuetarako aurrekontua moldatzen”, dio Renteriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak