→Basauri

Bizkotxalde parkean estalpeko azpiegitura bat jarri nahi du Udalak, “ekitaldi jendetsuak egiteko”

Bizkotxalde parkea osorik birmoldatuko du Udalak // GMaps

Bizkotxalde parkea osorik birmoldatuko du Basauriko Udalak. Besteak beste, muinoak ezabatzea eta kontrol bisuala areagotzea, ingurunearen segurtasuna hobetzea, berdegune gehiago eta aisialdirako zabaldi gehiago egitea da udal arduradunen asmoa. Gainera, estalpeko azpiegitura egonkor bat jartzea ere aurreikusten du Udalak, “kulturaren eta kirolaren arloko ekitaldi jendetsuak egin ahal izateko”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

‘Aisigunea’ bezala definitu du Iragorrik estalpeko azpiegitura hori. “Askotariko erabilerak izango dituen estalpeko azpiegitura bat izateaz gain, horrelako jarduerak herrigunera hurbiltzen dira, zabalkunde handiagoa izan dezaten eta herriko saltoki eta ostalaritza-establezimenduetan duten inpaktua ere handiagoa izan dadin”, dio Iragorrik.

“Gure asmoa parkea birmoldatzea da, garai eta behar berrietara egokitzearren; gure birika berde handia izaten jarrai dezala, baina herritarrei gozatzeko aukera gehiago eskainiz”, dio Iragorrik: “Ekintza horren helburua parkea atseginagoa eta ibiltzeko modukoa izatea da, aisialdirako edota jolaserako gune gehiagorekin eta ekitaldi jendetsuak egiteko estalpeko azpiegitura egonkor bat ere baduela”. Gaur egun, 64.756 metro karratuko espazioan berdeguneak eta aisialdirako guneak daude, aire zabaleko anfiteatro bat, txakurrak ibiltzeko gune bat, haur-jolasak, eta kalistenia eta gimnasia egiteko guneak.

Inbertsio “oso handia”

Basauriko Udalak 110.000 euroko partida gorde du Bizkotxalde birmoldatzeko proiektua enpresa espezializatu batek idatz dezan agintzeko. Horretarako lehiaketa publikoa zabalduko du Udalak. Bitartean, udal-teknikariak baldintza-agirien xehetasunak zehazten ari dira.

Udal arduradunek aurreikusten dutenez, “esku-hartze garrantzitsua” izango da eta “inbertsio oso handia” egin behar izango dute. Horregatik obra faseka egitea pentsatu dute udal ordezakariek: “Pixkanaka berritu ahal izango du parkea, duen aurrekontuaren arabera eta udalerriko beharrek, oro har, duten lehentasun-mailaren arabera. “Proiektua esku artean dugularik ikusiko dugu dena aldi bakarrean burutu daitekeen ala faseka, lehentasun handiagoko beste proiektu batzuei ekin ahal izatea eragotzi gabe”, zehaztu du Iragorrik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak