→Basauri

Dendetan eta tabernetan gastatzeko Basauri Bonu digitalak apirilean aktibatuko dituzte

Bi bonu mota izango dira: 4 euroko bonuak, 6 euroko gastu-gaitasunarekin, eta 10 euroko bonuak, 15 euroko gastu-gaitasunarekin.

Merkatariek martxoaren 8tik 18ra bitartean eman dezakete izena kanpainan parte hartzeko // Geuria

Udalerriko merkataritzaren eta ostalaritzaren jarduera ekonomikoa berpizteko asmoz, Basauri Bonuak jarriko ditu salgai Udalak. Bi bonu mota izango dira: 4 euroko bonuak, 6 euroko gastu-gaitasunarekin, eta 10 euroko bonuak, 15 euroko gastu-gaitasunarekin. “Hau da, 4 euroko bonuen kasuan, bezeroak 4 euro ordainduko ditu 6 euro balio duen produktu bat erostean, eta bi euroko diferentzia hori Basauriko Udalak hartuko du bere gain. 10 euroko bonuen kasuan, berdin jokatuko da”, dio Asier Iragorri alkateak.

Bonuak apirilaren 12tik maiatzaren 30era bitartean egongo dira salgai kanpainara atxikiko diren dendetan zein tabernetan, eta Basauriko herritarrez gain, beste herrietako herritarrek ere eros ditzakete Basauri Bonuak. NAN bakoitzeko gehienez 60 euro arteko bonuak eros daitezke: “Ezin izango dira eskudirutan trukatu, eta erabili ezean, ez da bonuari dagokion diru-kopurua itzuliko”, dio Iragorrik. Kanpaina hau berezia da, izan ere, ez da bonu fisikorik egongo: herritarrek bonuak dendan edo tabernan bertan eskatu ahal izango dituzte. “Kanpainara atxikita dauden establezimenduetan erosi eta trukatuko dira bonuak, eta berezoak soilik bere NAN zenbakia adierazi beharko dio dendariari edo tabernariari”, dio Jose Ramon Suarez Udaleko Merkataritza arloko zinegotziak: “Basauri Bonuaren kanpaina oso erraza da: bonuak erosterako orduan berezoek ez dute Internet erabili beharko”.

Gaur bertan aurkeztu dute kanpaina Basauriko udaletxean // Geuria

Basaurin 950 establezimendu inguru daude, “horietatik 220 ostalaritzakoak eta gainontzekoak merkataritza- eta zerbitzu-sektorekoak”, dio Suarezek. Kanpaina honetan parte hartzeko interesa duten dendek edo tabernek izena eman behar dute martxoaren 8tik 18ra bitartetan Udalaren webguneko Egoitza Elektronikoan, bono.basauri.eus estekan. “Atxikitako establezimenduen zerrenda ixten denean, Udalak bonuak kudeatzeko aplikazioari buruzko prestakuntza-saio bat emango die”, dio Iragorrik.

Udalak 150.000 euro bideratuko ditu Basauri Bonua kanpainara: “Ekimen honek udalerrian 450.000 euro inguruko inpaktu ekonomikoa izango du, kopuru horri bezero bakoitzak bonua erostean ordaintzen duena batu behar zaiolako”, dio Suarezek. Jose Feijoo Basauri Merkatari Elkarteko presidenteak adierazi duenez, “duela asko egin genuen horrelako kanpaina baten eskaera. Tokiko merkataritza aktibatzen eta enpleguari eusten jarraitu behar da, gehienbat merkatariak Basaurikoak baitira”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak