→Basauri

Bortxaketa saiakera bat delitu arintzat sailkatzea salatu du Batu Elkarlaguntza Sareak

Batu Elkarlaguntza Sareak adierazi duenez, emakume batek bortxaketa saiakera jasan zuen Basaurin duela hilabete eta erdi bere etxejabearekin partetik. Gaur epaiketa da Bilbon.

// Batu Elkarlaguntza Sarea

Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan adierazi duenez, emakume batek bortxaketa saiakera jasan zuen Basaurin bere etxejabearen partetik. Gertaerak duela hilabete eta erdi jazo ziren Basauriko etxebizitza batean: “Emakume hau duela hiru hilabete bizi da Basauriko etxebizitza batean, eta duela hilabete eta erdi bere etxejabearen bortxaketa saiakera bat jasan zuen. Emakumeak egoera horretatik ihes egitea lortu zuen, baina momentu horretatik aurrera gizona emakumea mehatxatzen ari da, emakume honen bizitza infernu bat bihurtu arte”, adierazi diote GEURIAri Batu Elkarlaguntza Saretik. 

Ertzaintzan salaketa jarri zuen maiatzean emakumeak:Maiatzaren 12an Basauriko emakume batek aurkitu zuen emakumea kaletik negarrez. Gau osoa zebilen kalean etxera bueltatu gabe, emakumeak ez zuelako nahi etxera bueltatu etxejabeak beldurra ematen diolako. Orduan, emakume horrek Ertzaintzan salaketa jartzera animatu zuen”, diote Batutik: Deklarazio gogorrak egin zituen, baina informean ez dute jarri 20 minututan zehar emakumeak kontatu zuen guztia. Bere testigantza nahiko eskas hartu zuten. Delitu arin bezala hartu dute eta ez sexu-eraso delitu bezala”.

Gaur epaiketa da Bilbon, eta Batu Elkarlaguntza Sareak elkarretaratzea deitu du epaitegien aurrean: “Erasorik ez erantzunik gabe, babesa helarazteko epaiketak iraun bitartean kontzentrazio bat deitu dugu epaitegi parean”, diote: “Pobrea izateagatik baztertu dute, emakume izateagatik erasotu dute. Ez zaude bakarrik, zurekin gaude!”. Epaiaren zain geratu da epaiketa orain.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak