→Basauri

Botilioia egiteagatik 117 lagun salatu ditu Basauriko Udaltzaingoak azken hilabeteotan

basauri udaltzaingoa 2015

Udaltzaingoak botiloiaren inguruko 966 zaintza espezifiko egin ditu joan den maiatzetik, besteak beste, Bizkotxalden, Trintxeran, Sarratun, kiroldegiaren inguruetan, La Rana pasealekuan edota Basozelain.

Argazkia: Geuria

Basauriko Udaltzaingoak 985 lagun identifikatu eta salatu ditu pandemia hasieratik. Tartean, 117 lagun salatu ditu azkez hilabeteotan kalean edaten egoteagatik. “Botiloia osasun publikoko arazoa da, eta herritarrekin batera egin behar diogu aurre; kasu honetan, bai familiek, bai gazteek, ulertu behar dute pandemia mundu osoan gertatzen ari dela, eta nork bere erantzukizunetik, hezibidetik eta gizalegetik egin behar diola aurre.  Erantzukizuna eskatu behar diegu norbanakoei eta familiei”, dio Agurtzane Cebrecos Basauriko Udaltzaingoko ordezkariak.

Kalean edateagatik 600 euroko isuna ordaindu behar dute herritarrek. Dena dela, aipatutako zenbatekoa % 40 jaitsi ahalko da, 360 euroraino: % 20, alegazioak egiteari uko egin, eta gertatutakoa onartuz gero; eta beste % 20, ordainketa borondatezko epean egiten bada. Oraingoz 58 lagunek isuna onartu eta ordaindu dute ezarritako epeen barruan; aldiz, 27k ez dute ez errekurtsoa jarri ez isuna ordaindu. Azken kasuei dagokienez, isuna osorik ordaindu beharko dute (600 euro), hilabeteko epean. Bestetik, 32 lagunek alegazioak egin dituzte eta horietako 15i onartu egin dizkiete, espedientea itxita.

Bide batez, Cebrecosek gogorarazi du agenteek beste betebehar batzuei ere erantzun behar dietela: “Askotariko 15.000 esku-hartze egiten dituzte urtero, eta botiloia dela-eta, asko murrizten dira beste kontu batzuetarako baliabideak, udaltzainek botiloia prebenitzen ibili behar izaten dutelako”. Gainera, tokiak hondakinez, botilaz eta edalontziz beteta uzten dutela salatu dute udal ordezkariek.

966 zaintza espezifiko

Basauriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak aldizka egiten dituzten koordinazio operatiboko mahaietan, zaintza partekatuak ezartzen dituzte, besteak beste, botilioiak prebenitzeko. Udal ordezkariek diotenez, “arreta berezia” jartzen dute jende gehien pilatzen den tokietan, hala nola, Bizkotxalden, Trintxeran, Sarratun, kiroldegiaren inguruetan, La Rana pasealekuan edota Basozelain. “Gune horietan, gazteak saiatzen dira kuxkuxean dabiltzanengandik urrun dauden tokiak bilatzen, han egon ahal izateko inork edo ezerk eragotzi gabe. Horrelako jokamoldeak ekiditeko, Udaltzaingoak botiloiaren inguruko 966 zaintza espezifiko egin ditu joan den maiatzetik —horiei, Ertzaintzak egindakoak batu behar zaizkie—”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak