→Basauri

6.500 euro dohaintzan emango ditu Bridgestonek beharrizanak dituzten Basauriko familiei laguntzeko

Basauriko Udalak, Gurutze Gorriak eta Bridgestonek bat egin dute ekimen solidario bat herrian sustatzeko: beharrizan egoeran dauden familientzako elikagaiak erosiko dituzte.

Basauriko Udalak, Gurutze Gorriak eta Bridgestone lantegiak bat egin dute // Argazkia: Basauriko Udala

Basauriko Udalak, Gurutze Gorriak eta Bridgestone lantegiak bat egin dute ekimen solidario bat herrian sustatzeko. Hain zuzen ere, Covid-19aren krisiaren ondorioz gizarte-larrialdiko egoeran dauden familiei lagundu nahi diete hiru erakundeek, eta horretarako, Bridgestonek 6.500 euro dohaintzan emango ditu beharrizanak dituzten Basauriko familiei elikagaiak erosteko.

Gurutze Gorriak Basauriko denda eta komertzioetan erosiko ditu elikagaiak eta ondoren familiei eramango dizkie. Prozedura Gizarte Zerbitzuen bidez egikarituko da, herriko familien eskaerak ebaluatu ondoren. Laguntza hauek Elikagaien Bankuak Janabibe elkartearen bidez hilero egin ohi duen premia biziko produktuen banaketa osatzen dute. Izan ere, pandemiak sortutako egoera berrien ondorioz, premia-egoeran dauden familien kopuruak gora egin du.

“Ezohiko eta inoiz ikusi ez dugun egoera bizitzen ari gara, eta uste dugu Udalaren erantzuna azkarra eta eraginkorra ari dela izaten herritarrak laguntzerako orduan. Pandemiaren ondorio sozioekonomikoek basauriarrengan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten lanean ari gara”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Bere aldetik, Sebastien Tranchant Basauriko Bridgestone lantegiko Giza Baliabideetako zuzendariak dio: “Covid-19ak ondorio larriak eragin ditu batez ere ahulenengan, eta Bridgestonetik ezin gara errealitate horretatik kanpo egon. Hor egon behar dugu. Besteak beste, pandemiak, zoritxarrez, Basauri asko kolpatu du, eta bertako familia eta saltoki asko egoera zailean utzi ditu. Gure esku dagoena egingo dugu egoera hobetzeko”.

Ekimen solidario hau salbuespenezkoa eta presazkoa izan da, eta zailtasun ekonomiko handienak dituzten pertsonei berehalako erantzuna ematea du helburu, “baldin eta beste gizarte-dispositibo batzuek arreta ematen ez badiete ere”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak