→Basauri

Juani Castro (Bizkotxalde ikastetxea): “Egoera hauetara moldatzeko izan dugun gaitasuna harritzekoa izan da”

Ekainean emango diote bukaera 2021/2022 ikasturteari ikastetxeek. Bizkotxalde ikastetxeko Juani Castro zuzendariarekin eta Maite Ureta ikasketa buruarekin hitz egin dugu.

Maite Ureta ikasketa buruarekin eta Juani Castro zuzendariarekin bildu gara Bizkotxalde ikastetxean // Geuria

Ikasturtea bukatzear da ikastetxeetan. Covid-19ak baldintzatuta, ikasturte ezberdina izan da aurtengoa, baina hamar hilabeteren ondoren atseden hartzeko tartea izango dute ikastetxeetako arduradunek. Basaurin, Bizkotxalde ikastetxeko Juani Castro zuzendariarekin eta Maite Ureta ikasketa buruarekin batu gara 2020/2021 ikasturtea nolakoa izan den eta 2021/2022 ikasturtean zer espero duten ezagutzeko. Guztira 257 ikasle daude Bizkotxalde ikastetxean, Haur eta Lehen Hezkuntzan.

Zelan bizi izan duzue Covid ikasturte hau Bizkotxalde ikastetxean?
Oso estresagarria izan da ikasturte hau; are gehiago kontuan izanda Bizkotxalde ikastetxeak bi eraikin dituela. Hau da, bi eraikin antolatu behar izan ditugu, horrek dakarren guztiarekin: sarrerak, irteerak, ordutegiak, distantziak, tenperatura kontrolatzea edota jantokiak. 

Bi eraikin izateak, orduan, gauzak erraztu beharrean zaildu egin du zuen antolaketa.
Hala da. Gurean antolakuntza oso zaila izan da. Beste ikastetxeetan ere zailtasunak izan dituztela zalantzarik ez daukat: agian ikasle kopuru handiagoa duten ikastetxeetan jantoki bat besterik ez dute. Bizkotxalden, zailtasun handiena da Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza bereizita gaudela; ez gaude bata bestearengandik gertu. Dena kontrolatzeko Haur Hezkuntzako eraikinean beste pertsona bat izan dugu.

Noiz hasi zineten 2020/2021 ikasturtea antolatzen?
Abuztuan hasi ginen gauzak antolatzen. Ikastetxe pribatuak edo DBHko ikastetxeak ekainean hasi ziren ikasturtea antolatzen eta horren berri telebistan izan genuen. Guk ez geneukan antolakuntza bat ikusten genuen ikastetxe horietan, eta gainera, ez genekien zehazki zer egin. Eusko Jaurlaritzara deika ibili ginen abuztuan, baina inork ez zekien ezer, ezta Prebentzio Zerbitzuan ere. Jakin genuen ikastetxe batzuk hasi zirela materiala eurak erosten. Orduan, abuztuaren bukaeran bildu ginen zuzendaritza taldekoak eta zer egin erabakitzen hasi ginen. 

Zer erabaki zenuten?
Alde batetik, segurtasun distantziari dagokionez, gurean ezin ziren distantziak mantendu. Adibidez, Lehen Hezkuntzan bi gela genituen 26 ikaslerekin. Normalean 15 ikaslerekin ezin badira distantziak mantendu, pentsa 26 ikaslerekin! Irakasle gehiago eskatu genituen, baina ez zituzten bidali. Delegaziotik esan ziguten 26 ikasle gela batean egotea normala zela, baina noski, egoera normal batean.
Bestetik, seinalizazioa erosi genuen, planteatu genuen zelan egin bai Haur Hezkuntzan bai Lehen Hezkuntzan, kontingentzia plana egin genuen… Eta gure kasuan, bi kontingentzia plan egin behar izan genituen, noski. Prebentzio Zerbitzutik lagungarri batzuk jaso genituen, baina horiek ez dira baliagarriak testuinguru guztietan. 

Eta orduan?
Guk erabaki genuen zelan egin dena. Denbora asko eman genuen dena antolatzen, baina uste dut orain dena ikusita, nahiko ondo irten dela. Egia da Covid-19a gurera ere sartu dela, baina ikastetxe guztietan bezala, kanpotik baitator birusa. Urtarriletik hona nahiko lasai ibili gara. Baina ikasturte hasiera oso estresagarria izan zen. Dokumentu asko eskatzen zituzten Delegaziotik. Egunero bete behar dugu Covid txostena eta Delegaziora bidali. 

Zer da Covid txostena?
Ikastetxeko zenbakia, positiborik egon den, konfinatutako ikasgelarik badagoen, gelarik konfinatuta ez badago ikasle konfinaturik badagoen, edota Covid arduraduna nor den jaso behar duzu txosten horretan eta egunero bidali. Oso arin egiten da, baina egunero egin behar da. 

Covid arduraduna aipatu duzu.
Bai. Ikastetxe bakoitzak Covid arduradun bat du. Gure ikastetxean inork ez zuen lan hori egin nahi; ez zegoen ordu librerik lan horretarako. Orduan zuzendaritza taldekook hartu genuen ardura. Batez ere familiekin harremana egitea da Covid arduradunaren lana. 

Ikasgelarik konfinatu behar izan duzue?
Bai, kasu positiboak izan ditugu. Haur Hezkuntzan positiboren bat egon denean, ikasgela guztia itxi behar izan dugu haurrek maskararik ez dutelako eraman behar. Lehen Hezkuntzan, ostera, positiboaren ingurukoak soilik gelditu izan dira konfinatuta, eta ez gela osoa. 

Eta irakaslerik?
Normalean irakasleak ez, abuztuan erabaki genuelako FPP2 maskarak guk geuk erostea eta ikastetxean horien erabilera derrigortzea. Hasieran maskara kirurgikoak bidali zituzten Delegaziotik, gero beste batzuk bidali zizkiguten irakasleentzat, baina grafitozkoak ziren eta baztertu behar izan genituen. Eskerrak ez genituen erabili!

Ikasleen senideekin zelan bizi izan duzue egoera berri hau?
Familiekin batzea ezinezkoa zen, dena posta elektronikoaren bitartez egiten genuen. Familiekin ere nahiko ondo joan da kontua. Ohitu dira, orain badakite hitzorduren bat eskatzeko deitu egin behar dutela edo ikasle baten bila badatoz, kanpoan itxaron behar dutela. Egia esan portaera ezin hobea izan dute senideek. 

Esango zenukete garrantzia gehiago eman diozuela ikasleen alde emozionalari maila akademikoari baino?
Maila akademikoa joan den ikasturte amaieran jaitsi zela argi dago. Ikasturte bukaeran balorazio bat egin genuen: zer egin genuen eta zer falta zen egiteko. Alde emozionala ikasturte hasieratik kontuan hartu zen. Batez ere tutoretzetan landu da ikasleen arlo emozionala. Hasieran guraso batzuek ez zituzten seme-alabak ikastetxera ekarri nahi beldurragatik, eta erabaki hori errespetatzen jakin genuen ikasleari falta jarri barik. 

Beraz, alde emozionala familiekin ere landu behar izan duzue.
Bai. Seme-alabak ikastetxera ez ekartzea erabaki zuten familiekin telefonoz hitz egiten aritu ginen beldurra gainetik kentzeko, eta horrela, urritik aurrera ikasleak gurera etortzen hasi ziren. 

Ikasleekin eta senideekin alde emozionala lantzeaz gain, irakasleok ere horretan lan egin duzue?
Irakasleon beldurra zen inork ez zekiela ikasturtea nolakoa izango zen. Ekainaren hasieran gaude eta ikusten duzu lortu dugula ikasturtea aurrera eramatea. Kontrakoa gertatu izan balitz errua gurea bakarrik izango zatekeen, eta errudun sentitzea oso gogorra da. Orain liberatu gara eta oporretara ondo helduko gara, gero ikasturte berria gogotsu hasteko.

Ikasturte honek argi utzi duena da hezkuntza sistema aldatu egin dela.
Hala da. Teknologia berrietara egokitu behar izan dugu. Ez bakarrik covid kasuak direla eta; orain ikasleren bat gaixorik badago modu telematikoan ere jarraitzen dugu. Lehen Hezkuntzan egiten duguna da deitu,  familiarekin konektatu, ikasle bakoitzak bere helbide elektronikoa baitu, eta horren bitartez lana bidaltzen diogu. Bestela, Classroom plataformaren bitartez egiten dugu. Familiek badakite jada funtzionamendua zein den. Eta posible denean ere liburuak eramaten dizkiegu etxean dauden ikasleei. Haur Hezkuntzan harremanak ere telematikoak izan dira noizbehinka, behintzat aurpegiak ikusteko. 

Ondo moldatu zarete?
Berritzegunean (Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroa) balorazioa egin dugunean baieztatu ahal izan dugu egoera hauetara moldatzeko izan dugun gaitasuna harritzekoa izan dela. Irakasleak, ikasleak eta senideak oso ondo moldatu gara egoera berri honetara. Gainera, IKTko irakasleak eskolak ematen ditu familiekin zein ikasleekin teknologia zelan erabili irakasteko.  

Datorren ikasturtean ere teknologia berri horiek erabiliko dituzue?
Nahitaez. Eusko Jaurlaritzak plan bat egin du datorren ikasturtetik aurrera hezkuntza sisteman teknologia indartzeko. Besteak beste, irakasleei exijituko diete oposizioetan gaitasun digitala izatea; ez da soilik sare sozialetan mugitzeko gaitasuna izatea, baizik eta zelan aplikatzen dituzten teknologia berriak pedagogian eta gela barruan.

Badakizue datorren ikasturtea nolakoa izango den?
Zurrumurruak daude berriro burbuiletan edo talde egonkorretan hasiko dugula ikasturte berria, distantzia 1,50 metrokoa izan beharrean 1,20 metrokoa izango dela… Baina, zurrumurruak besterik ez dira. Pertsonalki, lasaiago ikusten dut datorren ikasturteko planifikazioa. Dagoeneko buruan dugu zer egin dugun eta zer egin dezakegun: ordutegiak moldatu, txandak jarri jolastokian eta jantokian, sarrerak eta irteerak mailakatuak… Gauza horiek aurten planifikatu ditugunez, datorren ikasturterako barneratuta ditugu jada. 

2021/2022 ikasturterako matrikulazio kanpaina itxita dago jada.
Bai, eta gure ikastetxean oso berezia izan da. Familia batzuek ez zekiten zer egin 2 urteko umeekin, eta asko zalantzan egon dira azken ordura arte. Maiatzean etorri dira matrikula egitera, baina Delegaziotik esan digute ez dutela 2 urteko beste gela bat irekiko gure zentroan. Udalerriko beste ikastetxeetan hutsuneak daudenez horietan sartuko dituzte. Zentzu horretan guk galdu dugu, baina etorkizunean ikasle horiek gurera etorriko diren esperantza daukagu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak