→Basauri

Dakota taberna hilabetez ixtea proposatu du Basauriko Udalak, “kautelazko neurri gisa”

Kareaga Goikoa kaleko 34. zenbakian dago Dakota taberna // Maps

Dakota tabernaren jarduera hilabete batez “erabat etetea” proposatu du Basauriko Udalak. “Kautelazko neurri gisa da, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko 10/2021 Legearen aurkako hiru arau-hauste larri egon daitezkeelako”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, taberna horretako arduradunari zehapen-espedientea ireki diote, besteak beste, musika-ekipoak jartzeko Udalak ezarritako debekua hiru alditan urratzeagatik. 

Hiru gertaera horiek —otsailaren 2an 23:10ean, otsailaren 6an 21:25ean eta hilaren 9an 23:31ean jasoak— Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioari buruzko 10/2021 Legearen aurkako hiru arau-hauste larri izan daitezke, “ingurumen-legedia edo zehapen-prozedura baten hasieran agindutakoak berrezartzeko ezarritako behin-behineko eta kautelazko neurriak ez betetzeagatik”. Udal arduradunek adierazi dutenaren arabera, lege horrek jasotzen du ostalaritzako jarduera aldi baterako eten daitekeela, “urtebetera arte”. 

“Kautelazko neurri gisa, hilabete baterako ixteko dekretua eman dugu, kutsadura akustikoaren arloan osasunerako, herritarren ongizaterako eta ingurumenerako eskubidea babesteko. Gainera, hartutako tresna elektronikoak eta bozgorailuak konfiskatzeko ere agindu dugu”, diote udal ordezkariek. Bitartean, Dakota tabernako arduradunak hamabost eguneko epea du alegazio, agiri edo informazioak aurkezteko, eta bost eguneko epea proposatutako kautelazko neurriei buruz.

Bestetik, balizko arau-hauste larriengatik beste bi espediente izapidetzen ari da Udala, mugatzailea jartzeko eskakizunak eta prezinto-agindua ez betetzeari buruzkoak, baita zehapen-espediente honetan jaso eta hurrengo egunetan soinua ez emititzeari buruzkoak ere. Espediente horretan, taberna aldi baterako ixtea eta ordutegien araudia haustea agintzen da. Gainera, Basauriko Udaltzaingoak ere eginbideak ireki dizkio ostalariari, langileen askatasunaren aurkako delituagatik.

“Ekintza horien bidez, lokalaren kudeaketa inguruko herritarren artean sortzen ari zen kezka eta eragozpenei erantzuten zaie”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, Udaleko eta Udaltzaingoko arduradunak bizilagunekin elkarrizketatu dira, eta egin litezkeen arau-hausteen zaintza areagotzeko konpromisoa hartu zuten. “Era berean, elkarbizitza normala alda lezaketen jokabideak prebenitzeko konpromisoa hartu genuen. Hala ere, Udaltzaingoak lokala zaintzen jarraituko du, orain arte behin eta berriz hautemandako ez-betetzeak ikusita”, diote.

Basauriko ostalari bati eginbideak ireki dizkiote, adingabe bat eta emakume bat modu irregularrean kontratatzeagatik

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak