→Basauri

Greba mugagabea deitu dute Basauriko Deichmann oinetako dendako langileek

Basauriko Calzados Deichmann oinetako dendako langileek greba mugagabea deitu dute irailaren 29tik aurrera, enpresak langile guztiak kaleratzeko asmoa azaldu ostean.

irailaren 29tik aurrera deitu dute greba mugagabea Basauriko Deichamann oinetako dendako langileek // Argazkia: ELA sindikatua

Basauriko Calzados Deichmann oinetako dendako langileek greba mugagabea deitu dute irailaren 29tik aurrera, enpresak langile guztiak kaleratzeko asmoa azaldu ostean. Guztira bederatzi langile ditu Basauriko dendak, eta, “horiek guztiak urriaren 17an kaleratzeko asmoa du enpresak”, diote ELA sindikatutik.

Bilbondo merkataritza zentroan dago Calzados Deichmann, eta denda hori itxiko dutela adierazi diote ELAko ordezkariek GEURIAri: “Bilbondoko denda ixteko eman duten arrazoia etekinak ez dituela ematen da”. Bizkaian beste bi denda gehiago dituzte: bata Max Centerren eta bestea Ballontin, eta duela aste batzuk enpresak langileei jakinarazi zien Basauriko denda itxiko zutela: “Langileei hartze-agiri moduko bat sinararazi diete. Hartze-agiri hori sinatuta indemnizazio bat jasoko dute, baldin eta urriaren 17ra arte lanean jarraitzen badute. Gainera, hartze-agiria sinatuta, erreklamaziorik edota demandatzeko aukerarik ez dute langileek”, salatu dute ELA sindikatuko ordezkariek. Basauriko langileek aho batez deitu dute greba mugagabea, “langileen eskubideak eta enplegua defendatzeko”. “Gure asmoa da Basauriko dendan dauden langileak beste denda horietara bideratzea”, diote ELAtik.

ELAk mobilizazioak iragarriko ditu, eta kaleratzeak baliogabetzea eskatzeko bide juridikotik joko duela iragarri du sindikatuak: “Asteartea gauerako enpresarekin akordiorik ez badugu lortu, mobilizazioak deituko ditugu irailaren 29tik aurrera”, diote sindikatutik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak