→Basauri

Basauriko bost dendatan lapurretak egitea egotzita hiru emakume ikertzen ari dira

Basauriko bost dendatan lapurretak egitea egotzita Bilboko hiru emakume ikertzen ari dira. Basauriko Udaltzaingoak hiru emakume horiek identifikatu eta eginbideak ireki dizkiete.

Gertakariak iazko abenduaren erdialdean gertatu ziren, Gabonetako kanpainarekin bat etorriz; orduan, Basauriko udaltzainek jostailu denda baten salaketa jaso zuten emakume batzuek hainbat gauza lapurtu zizkietela esanez. “Ez ziren gertaera isolatuak, Udaltzaingoak salaketa gehiago jaso baitzituen udalerriko hainbat supermerkatutan izandako antzeko gertaerengatik. Guztietan jateko produktu ugari lapurtzen zituzten estrategia bera erabilita”, diote udal ordezkariek.

Taldea hiru emakumek osatzen zuten eta “ondo esleitutako rolak” zituzten, Udaltzaingoak adierazi duenez: “bata gidaria zen, eta delitua egiten zuten establezimenduaren inguruan itxaroten zuen, eta aldi berean zaintza lanak egiten zituen inork atzeman ez zitzan. Beste biak, berriz, dendara sartzen ziren, batzuetan haurtxoentzako kotxetxo bat zeramatela, eta batek dendaren barrualdea zaintzen zuen bitartean, besteak lapurreta egin eta objektuak orgatxoan ezkutatzen zituen”.

Egileak identifikatzeko asmoz, Udaltzaingoak prebentzio lanak indartu zituen supermerkatu eta merkataritza guneen inguruan, eta, azkenik, otsailaren 9an talde horretako kideak identifikatzea lortu zuen, “in fraganti” harrapatu baitzituzten kale Nagusian elikagaietan 300 euro inguruko balioa zuten produktuz betetako orga bat lapurtzen.

Basauriko Udaltzaingoko ikerketa agenteek udalerriko hainbat dendatan egindako beste lau lapurretaren egiletza argitzea eta leporatzea lortu dute. Izan ere, erabilitako ibilgailua udal biltegira eraman zuten, eta han, miaketa bat egin ondoren, hipermerkatu batean ebatsitako hainbat produktu berreskuratu ahal izan zituzten.

Oraingoz, ez da baztertzen talde horri beste gertakari batzuk egoztea haren kideek aurrekari asko baitituzte, eta ikerketak aurrera darrai, Barakaldoko Udaltzaingoarekin lankidetzan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak