→Basauri

«‘Down Paris 2024’ ekimena jaio da Mikelek ez duelako ulertzen zergatik ezin duen Jokoetan parte hartu»

Joko Paralinpikoetan parte hartzea da Mikel Garcia Agirrezabalen ametsa. Eta ametsa da oraindik ez dagoelako Down sindromea duten pertsonentzako kategoriarik.

Elvira Agirrezabal, Mikel Garcia eta Gotzon Garcia // Geuria

Joko Paralinpikoetan Down sindromedunentzako kategoria sortzeko borrokan ari dira Basauritik. Mikel Garcia Agirrezabal (Bilbo, 1996) Bertako-Javi Conde Atletismo Egokitua Klubeko atleta da eta bere ametsa 2024ko Pariseko Joko Paralinpikoetan parte hartzea da. Baina horretarako Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak Jokoetan Mikel bezalako kirolarientzako berariazko kategoria bat sartzea eskatzen ari dira hainbat herritar eta erakunde. Elvira Agirrezabal eta Gotzon Garcia Mikelen gurasoek ‘Down Paris 2024’ kanpaina sortu dute eta horren inguruan hitz egin dugu eurekin eta Mikelekin.

Down Paris 2024. Nola eta zergatik sortu zen proiektu hau?
Gotzon Garcia: 2019ko urrian, Mikelek Brisbanen (Australia) parte hartu zuen Global Games jardunaldietan (adimen urritasuna duten kirolarientzako Munduko Txapelketa). Urrezko hiru domina irabazi zituen, eta Bilbora itzultzean, familiak, lagunek, prentsak galdetzen zioten ea 2020ko Tokioko Jokoetara joateko prestatzen ari zen. Mikelek beti gauza bera erantzuten zuen, “nire kategorian ez dago parte-hartzerik”.

Baztertze horren atzean zeuden arrazoiak begiratzen hasi, eta ikusi genuen, besteak beste, adimen urritasuna duten pertsonen kolektiboa zigortzen dutela Espainiako ordezkaritzak eta Errusiakoak Sydneyko 2000ko Jokoetan egindako tranpengatik. Minusbaliotasun ziurtagiriak faltsifikatzen zituzten taldeak aurkeztu zituzten urrea lortzeko. Hori ‘Campeones’ filmak jasotzen du. Horregatik, Elvirak eta biok pentsatu genuen zerbait egin behar genuela hau aldatzen saiatzeko.

Mikel Garcia eta bere taldekideak aurtengo Basauriko Meeetingean // Geuria

Zuek hasi zineten ekimenarekin ala bazegoen zerbait aurretik?
Elvira Agirrezabal: Ez zegoen ezer. Landu gabeko gaia zen, eta ez dakigu oso ondo zergatik. Demagun jende askok pentsatzen duela horrelako abentura batean murgiltzea erokeria dela, baina pauso bat aurrera ematea erabaki dugu.

Esan daiteke Down Paris 2024 proiektua Basaurin jaio dela?
G.G.: Bai eta ez. Mikelek Bertako–Javi Conde Atletismo Egokituaren Klubean kirolarekiko interesa garatzeko gune bat aurkitu duelako jaio zen proiektu hau. Egun batean, Javi Condek amets egiten du Mikelek munduko txapelketara joateko gutxieneko markak lortzen dituela, eta ez du ulertzen Mikelek zergatik ezin duen Jokoetan parte hartu, ezta guk ere. Hortik dator guztia.

Javi Conde Atletismo Egokituaren Klubaren babesa duzue.
E.A.: Klubak hasiera-hasieratik lagundu digu. Erronka hori bere egin dute, ideiak eman dituzte, zarata handia egin dute eta ez gaituzte bakarrik utzi. Eta orain klubeko denek jarraitzen dute ekimenarekin, teknikariek, atletek eta familiek.

Azaldu nolakoa izan den proiektuaren prozesua hasi zinetenetik orain arte.
G.G.: Atzera begiratuz gero, prozesu laburra da, baina ez gara momentu batean ere gelditu. Batzuetan nekatuta gaude, baina bidezkotzat jotzen dugun honekin guztiz konprometituta gaude. Sinadurak biltzen hasi ginen change.org plataformaren bidez.

Zein erantzun izan du change.org-ko kanpainak?
G.G.: Egia esan, change.org-k erraztasunak baino ez dizkigu eman. Kanpaina bere jarraibideen arabera hastea oso erraza izan zen. Egun batzuk igaro ondoren, sinadura-bilketa nola hedatzen zen ikusita eta gai interesgarria zela kontuan hartuta, plataformako kideak gurekin harremanetan jarri ziren, hobetzeko argibideak eman zizkiguten eta plataforma gisa konpromisoa hartu zuten gure eskaerarekin. Iazko udan, 70.000 sinadura baino gehiago genituela ikusita, eta gure klubaren ingurutik ekimen ugari egiten ari ginenez, komunikabideetan oihartzuna izaten hasi ziren. Abuztua eromena izan zen, egun berean telebistan eta irratian zuzeneko hiru elkarrizketa egin baikenituen. Horrela iritsi ginen 103.000 sinaduretara.

Almudena Otaola senataria Basauriko Meetingean izan da aurten, Down Paris 2024 ekimena babestuz // Geuria

Senatura ere iritsi da aldarrikapena.
G.G.: Kasualitatez, Nerea Ahedo eta Almudena Otaola senatariengana iritsi zen change.org-ko kanpaina, eta horren alde egitea merezi zuela pentsatu zuten. Hortik aurrera, historia hazi egin zen, eta iritsi nahi ez genuen leku askotara iritsi gara.

E.A.: Senatuaren ebazpena heldu zen gero, baita Espainiako Batzorde Paralinpikoak gure eskaeraren norabidean lan egiteko konpromisoa ere. Prozesu honetan batzuetan traba bihurtu gara zenbait erakunderentzat, baina gaur egun askoz hurbilago eta bidean gaude.

Eta pixkanaka babes gehiago lortu dituzue, baita nazioartetik ere!
E.A.: Pixkanaka estatuko jendea hurbildu zen proiektura, batez ere Down sindromea duten kirolarien familiak, eta ondoren, klub gehiago eta federazioren bat edo beste ere bai. Ez gaude formalki eratuta, baina esan dezakegu #DownParis2024 traolaren inguruan nazioarteko sare bat sortu dela. Frantziako, Italiako, Txileko, Mexikoko, Argentinako eta Britainia Handiko atletek, klubek eta familiek bat egin dute.

Kontziente zarete zer garrantzi duen zuek lor dezakezuenak?
G.G.: Hasieratik argi izan genuen Mikel zela honen guztiaren motorra. Baina ez bakarrik beragatik, Down sindromea duten pertsona guztiengatik baizik. Lortu nahi duguna lortzen badugu, oso handia izango da, gutxienez guretzat eta Down sindromea duten ia 10 milioi pertsonentzat. Lortzen ez badugu, gutxienez saiatu gara, eta desgaitasuna duten pertsonek eta haien ingurukoek jasan behar duten bidegabekeria bat gehiago azaleratu izango dugu.

Babestuta sentitu zarete ala uste duzue laguntza gehiago falta dela?
G.G.: Hasieratik oso babestuta sentitu gara Javi Conde, Sergio López eta gure klubeko gainerako teknikarien, atleten eta familien aldetik. Normalean pentsatzen dugunaren kontra, politikarien babesa ere aurkitu dugu hitz onetatik harago. Bereziki esanguratsua da Senatuko Euskal Taldearena, Almudena Otaola buru dela, eta Ernest Urtasun Europako Parlamentuko Berdeen taldearena.

Askoz gehiago kostatu zaigu Kirol Kontseilu Gorenaren eta Espainiako Batzorde Paralinpikoaren babesa lortzea. Zorionez, edo beharbada behin eta berriz errepikatzeagatik, gaur egun esan dezakegu estatuan denok gaudela lerrokatuta Jokoetan Down sindromea duten kirolarien kategoria lortzeko bidean. Orain erronka da batzorde paralinpiko gehiagotara iristea, Nazioarteko Batzorde Paralinpikoa konbentzitu eta mugitzera bultzatu arte.

Parisko Jokoetan edo 2028ko Los Angeleseko Jokoetan Down sindromea duten pertsonentzako kategoria bat egongo dela uste duzue ala utopia izango da?
E.A.: Lortu egingo dugula pentsatu nahiko genuke, baina oso zaila da. Batzordea Paralinpikoaren erritmoa oso motela da eta Parisko Jokoen programa itxita dutela diote. Alamena ematen jarraituko dugu, nola ez. Ez da utopia edo anekdota hutsean geratuko, asko baikara horrelakorik gertatzen utziko ez dugunak.

Mikel, eta zuk zure burua ikusten duzu Joko Paralinpikoetan?
Asko gustatuko litzaidake, batez ere Parisko Jokoetara joatea. Nire ametsa da.

Nola daramazu zure familiarekin batera Down Paris 2024 proiektu honen bultzatzaile izatea?
Pozik nago Jokoetara joan nahi dudalako eta gurasoak ez ezik, pertsona asko laguntzen ari direlako. Oraindik ez dut ulertzen zergatik ezin naizen joan Jokoetara pistan irabazten badut.

Mikel Garcia, bigarrena argazkian, aurtengo Meeting Paralinpikoan // Geuria

Noiz hasi zinen atletismoan?
Betidanik gustatu izan zait kirola egitea, baina lehiatu egin nahi nuen. Egun batean atletismoa probatu nuen eta taldekideengatik, entrenatzaileengatik eta klubarengatik gustatu egin zitzaidan, baita, noski, lehiatzeko aukera ematen zidalako ere. Duela 7 urte hasi nintzen eta oso pozik nago.

Zer ematen dizu atletismoak pertsona eta kirolari gisa?
Nire bizitza da, ondo sentitzen naiz, nahiz eta askotan nekatuta egon eta denak min eman. Lagunak ditut klubean, lehiaketetan eta selekzioan, eta asko gustatzen zait lehiatzera bidaiatzea.

Munduko txapelduna zaitugu hainbat probetan eta errekorren bat edo beste ere baduzu. Zelako marka!
Urrea irabazi dut 400, 800 eta 1500 probetan munduko bi txapelketetan eta zilarra pisu jaurtiketan. Pista estalian ere irabazi dut, baina nahiago dut aire zabaleko pista. Krosa ere korritzen dut, baina gutxiago gustatzen zait, ez dudalako ondo ikusten. Europako errekorrak dauzkat 800 eta 1500ean eta egunen batean munduko errekorra izatea gustatuko litzaidake. Beti fidatzen naiz Sergiok eta Javik eskatzen didatenaz, haiek badakitelako zer egin dezakedan Javik eta Sergiok entrenatzen naute eta oso zorrotzak dira, baina beti animatzen naute. Eskatzen didatenaz fidatzen naiz eta egiten dut.

Zer lorpenekin geratzen zara?
Brisbanen lortu nituen dominekin. Lehen aldia zen, eta asko gustatu zitzaidan, batez ere selekzioarekin hainbeste egun egotea.

Nola ikusten duzu zeure burua kirolari gisa etorkizunean?
Entrenatzen eta lehiatzen jarraituko dut nekatu arte edo gehiago ezin dudan arte.

Argazkiak | Meeting Probak ehunka atleta batu ditu Artunduagako pistan, Basaurin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak