→Basauri

Basauriko lau gazte ikertu dituzte haxix eta marihuana dosiak saltzeagatik

Droga-trafikorako erabiltzen zen gazteen lonja bat desegin dute Basaurin. Jarduerarik gabeko taberna bat da lokala eta udalerriko erdiguneko kale batean dago. Ikerketa zabalik dago eta ez dute baztertzen pertsona gehiagoren inplikazioa.

Argazkia: Basauriko Udala

Basauriko Udaltzaingoak droga-trafikorako erabiltzen zen gazteen lonja bat desegin du. Marihuana eta haxixa ez ezik, marihuana-polena ere prozesatzen zuten lonja horretan, prentsatu eta polen-xaflatan saltzeko. Gainera, prentsa elektroniko bat, marihuana-polena erauzteko gailuak, doitasunezko hiru baskula, salgaia banatzeko bilgarria, 336 gramo marihuana, 133 gramo haxix (poltsetan banatuta), 683 euro (frakzionatuak) eta ikertuek justifikatu ezin izan duten beste transakzio elektroniko batzuen egiaztagiriak antzeman dituzte agenteek lokalean.

Gazte-lonja, jarduerarik gabeko taberna bat da, eta Basauriko erdiguneko kale batean dago. Ikerketen emaitzen arabera, lau lagun arduratzen ziren lokaleko jardueraz, denak Basauriko bizilagunak eta 26 eta 31 urte bitartekoak. Udal iturriek adierazi dutenaren arabera, ikertutako lau lagunak aritzen ziren 5 eta 10 gramo arteko haxix eta marihuana dosien salmentan, eta etengabeko diru-sarrera bat lortzen zuten salmenta horretatik. Ikerketa zabalik dago eta identifikatutako lau pertsonek epailearen aurrean agertu beharko dute hala eskatzen zaienean. Ez dute baztertzen pertsona gehiagoren inplikazioa, ebidentzia guztiak aztertu ondoren.

“Udaltzaingoaren helburu garrantzitsuenen artean dago droga-trafikoaren aurka borrokatzea, gizarte honetako gaitza den aldetik. Bereziki, ahalegintzen da atzematen besteen osasunaren kontura -are larriagoa dena, gure gazteen kontura- dirua irabazi nahi duten pertsonak. Eskertzekoa da ere Udaltzaingoari modu solidario eta diskretu batean laguntzen dioten herritarren portaera zibikoa, era honetako gertakizunei buruzko edozein informazio emanez. Kontuan izanik konfidentzialtasuna erabatekoa dela era honetako kolaborazioan, herritarrak animatu nahi ditugu agintariekin harremanetan jartzera era honetako gertakizunei buruzko susmorik txikiena dutenean”, dio Asier Iragorri alkateak. Martxoan hiru pertsona atxilotu zituzten Basaurin, bi marihuana-landaketa desegin ondoren.

marihuana- eta haxix-kontsumoen gorakada

2022aren hasieran hasi zuen ikerketa Udaltzaingoak. Izan ere, udalerriko erdiguneko kale batean “ohiko kontsumitzaileen joan-etorria” areagotu egin zela ohartu ziren: “Denbora-tarte labur bat igarotzen zuten bertan eta alde egiten zuten. Inguruan marihuana- eta haxix-kontsumoak gora egin zuela ikusita, ikerketa bat jarri zen abian, pertsona horien joan-etorrien arrazoia jakiteko. Hori horrela, Udaltzaingoaren ikerketa-agenteei susmagarri iruditu zitzaien garai batean taberna izandako gazte-lonja batean gertatzen zena: pertsonak eta ibilgailuak bertaratzen ziren etengabe, eta denbora-tarte labur bat igarota, presaka alde egiten zuten”, adierazi dute udal ordezkariek. Gauzak horrela, zaintza-dispositibo bat jartzea erabaki zuten, lokalaren eta hartaz arduratzen ziren pertsonen inguruan.

Zaintza-lanetan aritu ziren agenteek hainbat hartu-eman eta transakzio ikusi zituzten, egun argiz, susmagarrien eta oinez edo autoz bertaratutako pertsonen artean. Udaltzaingoak erabaki zuen lokalean sartzea eta hura erregistratzea, bi lekukoren eta ikertutako pertsonen aurrean. “Lokala erregistratzean, ikusi zen ikertuek, marihuana eta haxixa ez ezik, marihuana-polena ere prozesatzen zutela, prentsatu eta polen-xaflatan saltzeko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak