→Basauri

Auzitegi Gorenak tramitera onartu du Edesako eta Fagorreko langileen kasazio-errekurtsoa MCCren aurka

2017ko urrian Edesako eta Fagorreko langileek eta langile ohiek Basaurin egin zuten manifestazioa // Geuria

Auzitegi Gorenak tramitera onartu du Edesako eta Fagorreko langile ohiek Mondragon Taldearen (MCC) aurka jarritako kasazio-errekurtsoa. Lantegi horietako 940 langile ohik demanda jarri zuten 2018an MCCren kontra, hasiera batean kooperatiban inbertitu zituzten 47 milioi euro eskatzeko eta berreskuratzeko. “Urte askoan zehar Fagor eta Edesako langileak beren aurrezkiak gordailutzen joan ziren hainbat ekarpenen bidez, ekarpen boluntarioak batzuk, nahitaezkoak besteak”, diote langile ohiek: “Errekurtsoa tramitatzea urrats garrantzitsua da kaltetuontzat. Azkenean, Auzitegi Gorenak aztertuko eta ebatziko du gure kasua”.

2013an Fagor eta Edesa enpresak hartzekodunen konkurtsoan sartu zituzten eta langile askok euren aurrezkiak galdu zituzten: “Langile eta langile ohi askok gure aurrezkien zati handi bat galdu genuen. Horietako asko erretiratuak ginen, eta gehienak Basaurikoak”, diote. Ondoren, 2019ko uztailean Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Edesako eta Fagor enpresako langile ohiek jarritako erreklamazioa ezestatu zuen: “Justizia ez zen erreklamazioaren funtsa baloratzen hasi, ekintza eskatu zenean preskribatuta zegoela uste baitzuen. Zartada horren aurrean kaltetuok, arrazoia genuela sinetsita, kasazio-errekurtsoa aurkeztu genuen berehala Auzitegi Gorenean, gure aurrezkiak berreskuratzeko ilusioarekin, eta Justiziak eta MCCk bere erantzukizunak bere gain hartzeko itxaropenarekin”, diote.

Mondragon Korporazio Kooperatiboaren aurkako auzian kasazio-errekurtsoa jarri eta orain Auzitegi Gorenak tramitera onartu du. “Auzitegi Gorenak errekurtsoa izapidetzeko onartu izanaren albistea garrantzitsua da, Auzitegi honek jasaten duen errekurtso-ez-onarpenen portzentaje handiagatik”, diote. Bi aldeen alegazioak jaso ondoren, Auzitegi Gorenaren epaiaren zain daude: “Auzitegi Gorenaren epaia datozen hilabeteetan ezagutuko dugu”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak