→Basauri

Edukiontzi marroia erabiltzeko txartelak bidaliko dizkie irailean Basauriko Udalak herritarrei

Orain arte giltzaz irekitzen ziren edukiontzi marroiak, baina irailera arte denak zabalik utziko ditu Udalak. Irailetik aurrera edukiontziak zabaltzeko txartelak jasoko dituzte herritarrek.

Argazkia: Geuria

Hiri-hondakin solidoen, paper eta kartoiaren, eta hondakin organikoen edukiontziak berritzen ari da Basauriko Udala. Hiri-hondakin solidoak biltzeko 229 eta paper eta kartoirako 172 edukiontzi berri jarriko dituzte, eta hondakin organikoetarako edukiontziei dagokienez, Udalak 100 gehiago jarriko ditu; guztira, 182.

Orain arte giltzaz irekitzen ziren edukiontzi marroiak, baina irailera arte denak zabalik utziko ditu Udalak. Irailetik aurrera Udalak bizikidetzako unitate bakoitzari txartel bat bidaliko die: “Hondakin organikoetarako edukiontzi berriekin, herritarrek ez dute beharko orain arte erabili duten giltza: hasieran, edukiontziak eskulekuarekin zabalduko dira, eta, aurrerago, sarraila elektronikoa zabaltzeko txartelarekin, zeina irail edo urrian bidaliko baitiegu herritarrei etxera, postaz”, dio Nerea Renteria Hirigintza, Lurralde Politika eta Ingurumen arloko zinegotziak.

Hobariak birziklatzeagatik

Edukiontzi marroiez gain, kontrol-sistema bera izango dute hiri-hondakin solidoen edukiontziek, txartel bidez. “Txartelen bitartez gaika biltzen dutenaren bolumena zenbatu ahal izango dugu, eta, gero, horren araberako hobaria aplikatuko dugu”, dio Renteriak. Hasieran, hobari-sistema hondakin organikoen edukiontziari aplikatuko diote, eta, apurka-apurka, gainontzekoei.

Hondakin-sortzaile handien artean ere birziklatzea sustatuko du Udalak: Lapatzan eraikitzen ari den hiri-hondakinetarako transferentzia-guneari esker, industrialdeetan hondakin gehiago bildu ahal izango dira, gero dagokion tratamendu-lantegira eramateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak