Autonomia erkidegoetako federazioen 18 urtez azpiko Espainiako atletismo txapelketa jokatu zen ekainaren 4an Valladoliden. Euskadi ordezkatuz Artunduaga Atletismo Taldeko hiru atletak parte hartu zuten: Edurne Fernandez Durán, Celia De Miguel Murillo eta Nerea Molina Salsamendi.
Xabalina jaurtiketan Fernandezek bigarren postua lortu zuen, eta hortaz, Espainiako txapeldunorde da. De Miguelek seigarren bukatu zuen 100 metroko hesi-lasterketa eta Molinak 15. postua erdietsi zuen ibilketa atletikoko 5.000 metrotan. Euskadiko selekzioak seigarren postuan bukatu zuen txapelketa.
Txapelketa Jerezen
Ekainaren 18an eta 19an Espainiako Banakako Txapelketa jokatuko da Jerezen (Cadiz, Andaluzia). Txapelketa horretan parte hartuko dute Edurne Fernandezek eta Celia De Miguelek. “Edurnek domina lortzeko eta podiumera igotzeko ahalegin guztiak egingo ditu, eta Celia bere errekorra hobetzen saiatuko da; Bizkaiko 20 urtez azpiko errekorra hautsi zuen Sorian maiatzaren 21ean eta 22an jokatutako Espainiako proba konbinatuen txapelketan”, diote Artunduaga Atletismo Taldetik.
