→Basauri

Eneko Zuloaga basauriarrak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena sarietako bat irabazi du

Arteak eta Giza Zientziak arloan saritu dute Zuloaga, ‘Mendebaleko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz’ doktorego-tesiagatik.

Eneko Zuloaga -erdian- sari-banaketa ekitaldian // Argazkia: EHU

Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena sarietako bat irabazi du Eneko Zuloaga San Román basauriarrak (Basauri, 1985). Arteak eta Giza Zientziak arloan saritu dute Zuloaga, ‘Mendebaleko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz’ doktorego-tesiagatik.

Euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko helburuz sortu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Euskaltzaindiak Koldo Mitxelena Saria 2008an. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, eta Arteak eta Giza Zientziak. Sariek, euskarazko zientzia bultzatzeaz gain, ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta euskara prestigiatzen, maila goreneko aitortza eginez.

Koldo Mitxelena Sarien zazpigarren edizioko irabazleak // Argazkia: Euskaltzaindia

Aurtengoa zazpigarren edizioa izan da, eta urtarrilaren 13an banatu zituzten sariak EHUko Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria zentroan. Guztira, 74 tesi-egile aurkeztu dira aurten, “inoizko kopururik handiena”, diote sustatzaileek. Arloka, Zientzietak 12 tesi aurkeztu aurkeztu dira, Ingeniaritza eta Arkitekturak 13, Osasun Zientzeta 17, Gizarte Eta Lege Zientzetan 16 eta Artea eta Giza Zientzietan 16. Eta hauek izan dira saridunak: Iraultza Unzueta Solozabal (Zientziak), Itziar Otaegi Tena (Ingeniaritza eta Arkitektura), Lide Totorikaguena Iturriaga (Osasun Zientziak), Miren Artetxe Sarasola (Gizarte eta Lege Zientziak) eta Eneko Zuloaga San Roman (Artearen eta Giza Zientziak). Saridunek diploma eta 2.000 euro gordin jasoko dituzte. Nekane Balluerka EHUko errektorea (2017-2020), Jon Zarate EHUko errektoreordea eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan ziren sari-banaketa ekitaldian.

Hizkuntzaren bilakaeraz

Eneko Zuloaga San Roman Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Nerbioi ibarreko euskarari buruzko tesina batekin lizentziatu zen eta bere promozioko ohorezko matrikula lortu zuen. Ondoren, Euskal Filologiako eta Hizkuntzalaritzako masterra hasi zuen EHUn, eta master amaierako lanean bere sorterri inguruko bi sermolariren euskara aztertu zuen, eta Mendebaleko euskararen historiari buruzko ikerketa hasi zuen. Doktore tesia iaz defendatu zuen. Hiztegigintzan, landa-laneko datu-bilketan, euskararen irakaskuntzan, itzulpengintzan eta hizkuntza-normalizazioaren esparruan aritu da Zuloaga, eta gaur egun irakasle-ikertzaile da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean.

Era berean, Labayru Fundazioan lan egin zuen Zuloagak Unibertsitatean hasi aurretik. Herri-ondareko arloan izan zen lanean eta orduan hainbat euskaldunei elkarrizketak eta grabazioak egiteko aukera izan zuen. Horrez gain, Litterae Vasconicae aldizkarian ere artikuluak idatzi ditu. Labayru Fundaziotik diotenez, “ikasle-denporan erreferente izan dituan irakasleak, berak aitatutakoak, gure ingurukoak dira danak: Iñaki Sarriugarte Basauriko institutuan; eta Juan Manuel Etxebarria, Adolfo Arejita eta Jabier Kaltzakorta Deustuko Unibersidadean”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak