→Basauri

Langabezian dauden 69 herritar kontratatuko dituzte Basaurin, sei hilabetez lan egiteko

Hautagaiak langabezian izena emanda egon behar dute. Udal teknikariek eta giza baliabideetako langileek hautagaien zerrenda ebaluatu eta 69 pertsona horiek hautatuko dituzte.

Lanbidek bilaketa egingo du lan eske dabiltzanen artean // Argazkia: Geuria

Langabezian dauden 69 herritar kontratatuko dituzte Basaurin, sei hilabeteetan lan egiteko. Zehazki, bi gizarte teknikari, lau mandatari, biltegiko laguntzaile bat, 13 administrari laguntzaile, tokiko osasun-sarearen teknikari dinamizatzaile bat, hiru kazetari, bi margolari, bost igeltzero, soldadore bat, bi elektrikari, bederatzi peoi, bi berdintasun teknikari, albaitari bat, administrari bat, arkitekto tekniko bat, IKTetarako lau teknikari laguntzaile, diseinatzaile grafiko bat, historialari bat, gidari bat, liburutegirako bi laguntzaile, bi enplegu teknikari, eta hamar herritar agente dira beteko dituzten lanpostuak. Azkenengoei dagokienez, Udaltzaingoaren lana osatuko dute, ikastetxeetako sarrerak eta irteerak kontrolatzen, egungo osasun-egoerari dagozkion neurri espezifikoak gogorarazten.

Kontratuak sei hilabetekoak izango dira gehienez ere, eta lanaldi-mota desberdinekoak dira. Lanbidek programa onesten duenetik 2021eko ekainaren 30era bitartean gauzatuko dira kontratuak.

Lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituztenei lana lortzeko erraztasunak ematea da Enplegu Planaren helburu nagusia, “beren gaitasun edo prestakuntza pertsonala eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lana eskainita”, diote udal ordezkariek. Hautagaiak langabezian izena emanda egon behar dute eta ondorengo talde hauetako batean egon: 35 urtetik beherako langabetuak; 45 urtetik gorako langabetuak; 55 urtetik gorako langabetuak; denbora luzez langabezian egondakoak; Covid-19a dela-eta ezarritako alarma-egoeraren ostean lana galdu dutenak; gizarte-bazterkeria arriskuan daudenak; edo DSBEaren titularrak zein onuradunak.

Hautagaiak hautatzeko prozedurari dagokionez, Basauriko Udalak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak jasotzen dituen zerrenda, eta Lanbidek bilaketa egingo du lan eske dabiltzanen artean. Ondoren, Lanbidek Udalari izangaien zerrenda bidaliko dio. Udal teknikariek eta giza baliabideetako langileek (politikorik ez) hautagaien zerrenda ebaluatu eta 69 pertsona horiek hautatuko dituzte.

Enplegu Plana Lanbidek eta Udalak egikaritzen dute, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du. “Aurtengoa izango da orain arte egindako inbertsiorik handiena, enplegua sustatzeko planak Basaurin martxan jarri zirenetik”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, guztira milioi bat eguro baino gehiago (1.075.703 euro) bideratuko dituzte 2020ko Enplegu Planean: Eusko Jaurlaritzak 848.527 euro jarriko ditu, eta Basauriko Udalak 227.176 euro. Azken bederatzi urtetan 348 pertsona kontratatu ditu Basauriko Udalak Enplegu Planaren barruan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak