→Basauri

Langabezian dauden 70 lagun kontratatuko ditu Basauriko Udalak

Lanbidek bilaketa egingo du lan eske dabiltzanen artean. Ondoren, Udalari zerrenda bat bidaliko dio, eskatutako baldintzak betetzen dituzten hautagaiekin.

Besteak beste bederatzi peoi kontratatuko dituzte // Geuria

Basauriko Udalak 70 langabetu kontratatuko ditu, tokiko enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatutako programa baten barruan. Zenbait lanaldi eskainiko dituzte, eta kontratazioek sei hilabeteko gehienezko iraupena izango dute, Lanbidek programa onesten duenetik, 2022ko ekainaren 30era arte.

Zehazki, lanpostu hauek eskainiko dituzte: gizarteratze-teknikari bat; biltegiko laguntzailea bat; 13 administrari-laguntzaile; Tokiko Osasun Sarearen teknikari dinamizatzaile bat; kazetari bat; ofizial pintore bat; 7 ofizial igeltsero; ofizial soldatzaile bat; bi ofizial elektrikari; bederatzi peoi; berdintasun-teknikari bat; albaitaritzako laguntzaile bat; administrari bat; hamar agente zibiko; arkitekto tekniko bat; diseinatzaile grafiko bat; gidari bat; enplegu-teknikari bat; community manager bat; enpresen teknikari bat; zortzi hizkuntza-dinamizatzaile; eta sei Covid-dinamizatzaile.

Programaren helburua da lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituztenei lana lortzeko erraztasunak ematea, beren gaitasun edo prestakuntza pertsonalak eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako kontratua eskainita. Gauzak horrela, eskatzaileek langabezian egon behar dute, eta Lanbiden izena emanda egon behar dute. Gainera, honako talde hauetako batean sailkatuta egon behar dute: 35 urtetik beherako langabetuak; 45 urtetik gorakoak; 55 urtetik gorakoak; iraupen luzeko langabetuak; gizarte-bazterkeria arriskuan daudenak, eta DSBEaren titularrak zein onuradunak.

Izangaiak hautatzeko prozedurari dagokionez, Basauriko Udalak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak jasotzen dituen zerrenda, eta Lanbidek bilaketa egingo du lan eske dabiltzanen artean. Ondoren, Udalari zerrenda bat bidaliko dio, eskatutako baldintzak betetzen dituzten hautagaiekin. Aurreko urteetan bezalaxe, udal teknikariz eta giza baliabideetako langilez osatutako talde batek ebaluatuko ditu proiektu bakoitzerako izangaiak. Talde horretan ez da ordezkari politikorik egongo. 2011tik gaur egunera Basauriko Udalak 417 pertsona kontratatu ditu, Enplegu Planaren barruan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak