→Basauri

Basauriko sexu abusuen kontrako auzia epaiaren zain gelditu da

// Argazkia: Geuria

Gaur jarraipena eman diote Bizkaiko Auzitegian Basauriko futbol entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketari, adingabe batek 2019an jasandako sexu abusuen salaketa egin ondoren. Atzo ez bezala, gaurko saioan fiskalak, biktimaren abokatuak eta akusatuaren abokatuak soilik hitz egin dute. Litekeena da auziaren epaia hilabete amaieran argitaratzea.

Fiskaltzak sei urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat: “Kargu nagusiaren froga biktimaren deklarazioa da, baita duela urte batzuk sexu abusuak jasan zituen gainerako lekukoen testigantzak ere. Azken testigantza horiek preskribatuta egon arren, adingabeak kontatutakoarekin paralelismo argia dago: familiarentzako pertsona hurbila, gurasoekiko harreman estua, abusu berak, elkarrekiko masturbazioak, ingurune berdina akusatuaren etxean, abusuak denbora luzez ematen ziren edota biktimen adin berdina, hots, 8 eta 12 urte bitartean. Adingabearen deklarazioa indartzeko balio dezaketen datuak dira”.

Era berean, biktima adingabearen abokatuak elementu bat nabarmendu du: lantalde psikosozial judizialak egindako peritu-txostena, alegia. “Bi ondorio atera ditugu: alde batetik, psikologoek sinesgarritasuna ematen diote adingabearen bigarren deklarazioari, eta bestetik, adingabearen afekzio psikologikoa ere aintzat hartu dute. Lau urtez abusuak jasan ditu biktimak, astero. Guztira 200 abusu baino gehiago dira, eta horrek ondorio sendaezinak izango ditu biktimaren bizitza osoan”, dio Ibon Infante biktimaren abokatuak, zeinak zortzi urteko zigorra eskatzen duen. Halaber, 85.000 euro eskatzen ditu erantzukizun zibilagatik, baita zaintzapeko askatasuna eta urruntze agindua zigorra bete ondoren ere.

Testuinguruan jartzeko, adingabeak lehen deklarazioa egin zuenean ukatu egin zituen sexua abusuak jasan zituela. Honako azaldu du fiskalak: “Ukapen hori justifikatuta dago. Lotsagatik, erruagatik, erasotzailearen beldur izateagatik edo familiaren erantzunaren beldurragatik. Gogora dezagun adingabeak 8 eta 12 urte zituela abusuak jasan zituenean, eta deklarazioen arteko desberdintasunak biktimak bere erasotzailearekin harreman oso emozionala zuelako gertatu zirela. Ez da erraza salaketa jartzea, normala da salaketa jartzeko denbora behar izatea. Normala da adingabeak gertatutakoa ukatzea lehen unean”.

Akusatuaren abokatuak, aldiz, J.I.B.B. libre uztea eskatu du: “Epaileak kontuan hartu behar du adingabearen lehen deklarazioa, akusatuak sexu-abusuak egin zizkiola ukatu baitzuen. Bigarren deklarazioa egiten duenean eta abusuak jasan dituela esaten duenean, ikasitako diskurtsoa da. Bere amaren eta Pepe Godoyk argitara atera dituen bideoen eraginpean egin ditu adierazpenak”, dio Javier Beramendi akusatuaren abokatuak.

Adingabea bera ez da epaiketan izan, atzo ez zuen aurrez aurre deklaratu, baina aurrez egoitza judizialean egindako deklarazioak entzun ahal izan ziren. Era berean, preskribatutako kasuen lau biktimak lekuko gisa deklaratu zuten, besteak beste. Tartean, Pepe Godoyk —Basauriko entrenatzaile ohia salatu zuen lehen biktima—. Atzo Godoyren hitzak jaso genituen GEURIAn.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak