→Basauri

BIDEOA | Basauriko entrenatzaile ohiak ukatu ditu sexu abusuak; bihar jarraituko du epaiketak

Gaur 09:30ean hasi da Bizkaiko Auzitegian Basauriko futbol entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa, adingabe batek 2019an berarengandik sexu abusuak jasan zituelaren salaketa jarri ondoren. Fiskaltzak sei urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta defentsako abokatuak, berriz, zortzi urteko zigorra eskatzen du. Era berean, 85.000 euro eskatzen ditu defentsak erantzukizun zibilagatik, zaintzapeko askatasunagatik eta urruntze agindua zigorra bete ondoren. Epaiketaren lehen saioak sei ordu inguru iraun ditu, 15:30ak aldera arte; bihar jarraituko du epaiketak. 

Adingabea bera ez da epaiketan izan, ez du aurrez aurre deklaratu, baina aurrez egoitza judizialean egindako deklarazioak entzun ahal izan dira. Besteak beste, adingabearen ama eta osaba egon dira epaiketan, eta preskribatutako kasuen lau biktimak lekuko gisa deklaratu dute. Tartean, Pepe Godoyk —Basauriko entrenatzaile ohia salatu zuen lehen biktima—. Auzitegitik irten bezain pronto, Godoyrekin hitz egiteko aukera izan dugu GEURIAn eta bideoan jaso dugu.

“Ez dakit errudun aterako den, absolbitua izango den edo bi aldeen artean akordiorik egon daitekeen. Kondenatuta ateratzea espero dut. Lasaigarria litzateke. Lasaitasuna suposatuko luke bai salatu dugun biktimentzat bai salatu ez dutenentzat. Zure erasotzailea kondenatzen dutela ikustea sufrimenduaren amaiera litzateke”, adierazi dio Godoyk GEURIAri. Bitartean, akusatuak ukatu ditu sexu abusuak egin izana.

Aurrez aurre egon dira akusatua eta lehen salaketa jarri zuen lekukoa hainbat urteren ondoren: “Salatu nuenetik ez dut berriz ikusi. Gaur arte. Basaurin ikusi izan dutela esan didate, baina nik ez dut orain arte ikusi. Gaur ez diot gehiegi begiratu epaiketan zehar; berak ni ere ez. Behera eta bere abokatuari begira egon da denbora guztian”, dio Godoyk. Hain zuzen ere, Javier Beramendi da akusatuaren abokatua; defentsaren abokatua, berriz, Ibon Infante da.

2018ko azaroaren 13an salatu zuen publikoki lehenengoz Godoyk, duela 30 urte inguru, eskola futbolean sexu abusuak jasan zituela. Orotara zazpi salaketa egon dira, horietako sei preskribatuta, baina adin txikiko ume baten salaketak eragin zuen ustezko sexu abusuak egin zituen futbol entrenatzailearen atxiloketa 2019ko martxoan. Kasu horretan, epailearen aurretik igaro ondoren, karguekin aske utzi zuten. Adingabeak 8 urte zituen ustezko sexu abusuak gertatu zirenean, 2019an salaketa jarri zuen; gaur egun 15 urte ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak