→Basauri

6 eta 8 urte bitarteko kartzela zigorra eskatu dute Basauriko entrenatzailearentzat, sexu abusuak egotzita

Fiskaltzak 6 urteko kartzela zigorra eskatu du Basauriko entrenatzailearentzat, sexu-abusuak egotzita; denfentsaren abokatuak, ostera, 8 urteko kartzela zigorra eskatu du. Epaiketa urriaren 6an izango da, Bilbon.

2019ko urtarrilean manifestazio jendetsua izan zen Basaurin // Geuria

Fiskaltzak 6 urteko kartzela zigorra eskatu du Basauriko entrenatzailearentzat, sexu-abusuak egotzita; denfentsaren abokatuak, ostera, 8 urteko kartzela zigorra eskatu du. Epaiketa urriaren 6an izango da, Bilbon, Probintzia Auzitegian.

2018ko azaroaren 13an salatu zuen publikoki lehenengoz basauriar batek eskola futbolean sexu abusuak jasan zituela. Orotara zazpi salaketa egon dira, horietako sei preskribatuta, baina adin txikiko ume baten salaketak eragin zuen ustezko sexu abusuak egin zituen futbol entrenatzailearen atxiloketa 2019ko martxoan.

Hiru urte joan dira lehen salaketa publikoa egin zenetik eta, datorren astean, urriaren 6an izango da epaiketa. Bertan izango dira akusatua, futbol entrenatzailea, eta biktima, salaketa jarri zuen adin txikikoa eta bere familia. Adiskidetza ekitaldian bi aldeek lortutako akordioa edota epailearen sententzia izango dira epaiketaren emaitza.

Futbol entrenatzailea da epaitua izango dena; ez, ordea, ustez abusuak estali omen zituzten herritarrak. ‘Hiru buruko munstroa’ dokumentalean, Baskonia Futbol Eskolako zuzendaritza sexu abusuen jakitun zela eta hauek estali egin zituela salatu egin zuten zenbait herritarrek. Are gehiago, salaketa publikoki egin ez balitz, egoerak bere horretan jarraituko lukeela esan zuten.

2018ko azaroan, salaketa publikoa egin eta egun batzuetara, Baskonia Futbol Eskolak sare sozialen bidez zabaldutako adierazpen publiko batean esan zuten eskola sortu zenetik, 2007tik, ez dela adingabeei egindako sexu-abusurik izan, ezta sexu-askatasunaren eta duintasunaren aurkako bestelako deliturik ere.

2020ko apirilean Baskonia Futbol Eskolak izena aldatu egin zuen eta Baskauri Futbol Eskola bezala agertu zen. Gaur egun aurrera jarraitzen du ohiko ekintzekin eta arduradunekin. Basauriko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztien oniritziarekin jasotzen dute urteroko diru-laguntza eta eraikin publikoen lagapena.

2019ko ekainean Audientzia Probintzialak ez zuen onartu sexu abusuen kasuan Basauriko Udala herri akusazio gisa jardutea. Bien bitartean, sorreratik egin bezala, Ez Naiz Isilduko herri plataformak sexu abusuak jasan dituzten herritarrei dei egin die salatu dezaten.


*Basauriko biktima batek sexu abusuen bi urteko prozesua osorik kontatu zuen 2019ko martxoan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak