→Basauri

Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaitegietan ez bada, beste bide batetik bilatu beharko dugu justizia”

Silvia eta Ekain, ekainean Basaurin egin zuten manifestazioaren amaieran // Geuria

Sei hilabete igaro dira Ekain Perrino basauriarrak Bizkotxalde parkean eraso homofoboa jasan zuenetik. Azken hilabeteotan erasoaren lekukoak ari dira deklaratzen: “Iraila amaieran Ekainek deklaratu zuen eta hilabete geroago, urria-azaroa bitartean, lekukoak deitzen hasi ziren. Abenduan, aurreko astean, beste lekuko batzuk joan ziren euren testigantzak ematera”, adierazi dio GEURIAri Silvia Gomezek, Ekainen amak. Momentuz zazpi lekukok deklaratu dute, “gehienak Ekainen lagunak —berarekin zeudenak erasoaren momentuan— eta erasoa ikusi zuten ezagun batzuk”, dio Silviak. “Lekuko gehiago daude, baina ez dituzte oraindik deitu”, dio. Orduan atxiloturik ez zen egon eta, sei hilabete geroago, egoera bera da.

Prozesua nahiko “geldirik” dagoela dio Silviak: “Ertzaintzak momentu horretan egin zuen lana egin zuen eta nik dakidanez orain ez du ikerketarik martxan. Gainera, abokatuak esan dit Bizkotxalde parkean ez dagoela kamerarik eta, hortaz, ikerketak bide horretatik ez duela aurrera egingo. Bestetik, herrian gauza asko egingo zirela entzun zen erasoa gertatu eta hurrengo ordu eta egunetan, hala nola, ekintza publiko gehiago egitea legeak aldatzeko (erasoa ‘lesio-eraso’ bezala sailkatu zuen hasieran epaileak; orain gorroto-delitu bezala du) edota elkarte bat sortzea eraso homofoboen aurrean erantzun irmoago bat emateko, baina egia esan, ez du inork ezer egin”. Ekintza publiko bezala, erasoa gertatu eta egun gutxitara egin zuten manifestazio jendetsua Basaurin.

Ekain gaur egun zelan dagoen galdetuta, zera adierazi digu bere amak: “Ekain hala hola dago. Lanera joatea derrigortu genuen. Lanean dagoen bitartean, jendaurrean, ematen du ondo dagoela, baina etxean guk bakarrik ikusten dugu benetan nola dagoen. Ikasketak utzi behar izan ditu, ez du ondo lo egiten eta medikazio asko hartzen ari da. Psikologikoki ez dago batere ondo”, aitortu digu Silviak.

“Bide judizial honen ibilbidea nolakoa den ikusten ari gara. Ez dut uste bide honetatik ezer lortuko dugunik, baina argi daukat horrela ez dela geratuko. Bide judizialetik ez bada, beste bide batzuk hartu beharko ditugu justizia lortzeko”, dio Silviak: “Erasotzaileak nortzuk diren mundu guztiak jakitea nahi dut. Euren aurpegien fotokopiak herriko kale guztietan itsasteko gogoa ematen dit, baina tentuz jokatu behar da”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak