→Basauri

24 urteko gizon bat espetxeratu dute, Basaurin haurdun dagoen bere bikotekidea labana batekin erasotzeagatik

Gertaerak ekainaren 11n 23:15ak aldera jazo ziren Basauriko Basozelai auzoko etxebizitza batean.

Goizean elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean Estatuan gertatutako azken eraso matxistak salatzeko // Ertzaintza

Ertzaintzak 24 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostiralean haurdun dagoen bere bikotekidea labana batekin erasotzeagatik. Atxilotutakoa espetxean sartu zuten larunbatean agintari judizialen eskuetan jarri ondoren. Hilketa-ahaleginaren delitua, genero-indarkeriaren beste delitu bat eta kondena urratzearena leporatu dizkiote gizonari. 

Gertaerak ekainaren 11n 23:15ak aldera jazo ziren Basauriko Basozelai auzoko etxebizitza batean. Biktimaren arabera, etxera itzuli zenean egungo bikotekidea etxe barruan aurkitu zuen. Gizona emakumeari mehatxu egiteagatik kondenatu zuten eta urruntze-agindua zuen indarrean. Etxe barruan eztabaidan hasi ziren espero duten haurragatik, eta momentu horretan emakumearen senide bat agertu zen etxean, “egun batzuetan ez baitzuen harekin harremanetan jartzea lortu”. Biktimak esan zuen bikotekideak etengabe urratzen zuela urruntze-agindua, eta hiltzeko mehatxuak egiten zizkiela bai berari bai emakumeak aurretik beste bikotekide batekin izandako alabari. Eztabaidan zeudela gizonak labana bat hartu zuen sukaldetik eta bikotekidearen kontra jo zuen, esku batean zauriak eginez. Handik gutxira gizonak etxetik alde egin zuen.

Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman ondoren, osasun-zerbitzuek artatu zuten emakumea, eta ospitalera eraman zuten. Bestalde, Ertzaintzak gizona atxilotu zuen Berrizen, bere etxean. Larunbatean bertan, eguerdian, gizona espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.

Elkarretaratzea Basaurin

Azken astean hainbat eraso matxista izan dira Estatu osoan. Horren aurrean, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Estatuak elkarretaratzeak deitu dituzte. Basauriko Udalak bat egin du deialdiarekin, eta gaur, ekainak 14, 13:00etan kontzentrazioa egin dute udaletxe aurrean. “Gaitzespen irmoa adierazi nahi dugu azken egunetan gertatu diren hilketa eta eraso matxisten aurrean”, diote udal ordezkariek.

“Emakumeen aurkako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak