→Basauri

‘Eskarabillera’ liburua argitaratu du Bizkaiko Foru Aldundiak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez

‘Eskarabillera’ liburua argitaratu du Aldundiak, Basauriko jaietako protagonista nagusia. Andoni Abenójar idazle portugaletetarrak eta Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak egin dute liburua.

Andoni Iturbe Kultura zuzendari nagusia, Andoni Abenójar idazlea eta Eider Eibar ilustratzailea atzo, 'Eskarabillera' liburuaren aurkezpenean // Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Eskarabillera liburua argitaratu berri du Bizkaiko Foru Aldundiak, Ipuinak bildumaren laugarrena. Liburua Andoni Abenójar idazle portugaletetarrak eta Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak egin dute Aldundiaren laguntzarekin, eta Basauriko jaietako pertsonaia ezaguna du protagonista. Eskarabillera liburua euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu dute.

XX. mendearen hasieran Bizkaiko ikatz-arroetan ikatz-hondarrak (eskarabilla) biltzen aritzen ziren emakumeei buruzkoa da liburu ilustratua. Ikatz hau prezio baxuan saltzen zen eta etxeetan sukalde eta berogailuetarako erregai bezala erabiltzen zen, baita euskal udalerri askotako kaleak asfaltatzeko ere. Eskarabilleren garrantzia hain handia izan zen, kasu honetan Basaurik herriko jaietako pertsonaia nagusi bezala hartu zuela.

Basauriko Udalak ekoiztuta, GEURIAk Eskarabillerari buruzko dokumentala publikatu zuen 2016an, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Ainhoa Cabrera, Aniana Colino, Txemi Mera, Mariasun Bernaola, Asier Ogiza eta Irantzu Elorrieta ageri dira berbatan dokumentalean. Hemen ikusgai duzu dokumentala:

Duela lau urte sortu zuen Foru Aldundiak Ipuinak bilduma, Bizkaiko pertsonaia herrikoi, tradizional edo folkloriko batzuk ezagutarazteko asmoz. Bildumako aurreko liburuak izan dira: Gargantua txapeldun (Mikel Gil Sojo eta Andrea Alonso Vargas, 2017), Marijaia (Idoia Barrondo eta Nuria Hache, 2018), eta Gigantes/Erraldoiak/Giants (Begoña Elorrieta eta Alex Orbe, 2019).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak