→Basauri

Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu du gaur Basaurin

Gaurtik aurrera Basauri (Bizkaia), Zaballa (Araba) eta Martutene (Gipuzkoa) espetxeen kudeaketa bere gain du Eusko Jaurlaritzak. Lehen, Espainiako Gobernuak zuen hiru zentro horien eskumena, eta gaur, urriak 1, espetxe-kudeaketaren titulartasun-aldaketa eman da. Euskal administrazioaren azpiegitura gisa identifikatzen dira dagoeneko hiru zentroak eta Eusko Jaurlaritzaren armaria dute: Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren ordez Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Departamentuaren ikurra, hain zuzen.

Vicenta Alonso Basauriko espetxeko zuzendaria eta Beatriz Artolazabal sailburua // Argazkia: Irekia

Gaur 08:00ak aldera espetxe-kudeaketaren transferentziaren ekitaldi instituzional sinbolikoa egin dute Basauriko espetxean. Bertan izan dira Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Vicenta Alonso (Basauri), Benito Aguirre (Zaballa) eta Marian Moreno (Martutene) zentroetako zuzendariak; Ana Agirre sailburuordea, Eugenio Artetxe Justiziako zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe aholkularia; eta Asier Iragorri Basauriko alkatea.

Asier Iragorri Basauriko alkatea ere ekitaldi instituzionalean izan da gaur goizean // Argazkia: Irekia

326 preso Basaurin

EAEko hiru espetxeetan 1.387 pertsona daude: 778 Zaballan, 326 Basaurin eta 283 Martutenen. Basaurikoan ez dago emakumerik, baina Zaballan eta Martutenen 80 daude: 56 Araban eta 24 Gipuzkoan. Basaurin erregimen irekian daude preso gehien: 185; Martutenen 99 eta Zaballan 90. Langileei dagokienez, 593 langile daude hiru espetxeetan lan egiten: 469 gizon eta 124 emakume.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak