→Basauri

EtxeTIC proiektua martxan jarriko du Aldundiak Basauriko eta Etxebarriko eguneko zentroetan

Unai Rementeria Gernikako Batzarretxean // Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak agerraldia egin zuen irailaren 28an Gernikako Batzarretxean, politika orokorrari buruz hitz egiteko. Rementeriak bi ardatz nagusi erabili zituen: bizkaitarrei emandako hitza betetzea eta epe labur zein ertainera abian jarriko diren proiektu berriak. Gizarte Ekintza arloari dagokionez, EtxeTIC proiektua aurkeztu du Rementeriak.

Eguneko zentroen eta erabiltzaileak monitorizatzeko zentroen eredu berria da EtxeTIC, eta teknologia eta hurbiltasuna uztartzen ditu, “pertsonek etxean jarraitzeko duten nahia indartzeko eta bermatzeko”, dio Rementeriak: “Helburua da EtxeTIC zentroek etxean zaintzak dituzten mendeko pertsonen erdiei estaldura ematea 2023rako”. Hain zuzen ere, lehenengo zentro operatiboak Bilbon, Zallan, Mungian, Basaurin eta Etxebarrin izango direla aurreratu du ahaldun nagusiak.

Era berean, 2023ari begira, foru-sareko 2.500 egoitza-plazak etxeen antza izateko konpromisoa hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak, “gehienez 25 pertsonako bizikidetza-unitate bihurtuz, giza eskala izango duten zaharetxeetan”, dio Rementeriak.

Metroa Galdakaora eta Usansolora

Bestetik, Galdakaora eta Usansoloko ospitalera Metroa heltzeari buruz hitz egin du Rementeriak: “Metroa Galdakaorekin eta Usansoloko ospitalearekin konektatuko da. Zaila da, baina Aldundiak lanean jarraitzen du Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramateko. Eta eskuartean daukadan informazioaren arabera ez dut baztertzen errealitate bihurtzea”, adierazi du Rementeriak.

Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramateko zailtasunen artean dago proiektuak eskatzen duen “inbertsio handia”, Rementeriaren esanetan: “Jakin badakigu zailtasun handiak dituguna, batez ere inbertsio handia eskatzen duelako, 350 milioi euro, baina ez dugu amore ematen. Hori inoiz ez. Ate guztiak jotzen jarraitzen dugu, gaitasuna duten eragile guztiekin hitz egiten jarraitzen dugu. Bizkaiko Foru Aldundiak lanean dihardu metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eroateko. Gaur egun eskuartean darabildan informazioarekin ez dut baztertzen errealitate bihurtzea. Ziur? Ez. Ezinezkoa? Gaur-gaurkoz ere ez”, dio Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak