→Basauri

Basauriko zenbait etxebizitzatan lapurretak egitea saiatzeagatik bi gizon atxilotu dituzte

Ertzaintzak Basauriko etxebizitza bloke berean zelulosazko 15 markagailu zuri aurkitu zituen sarrailetan sartuta. Horrez gain, antzeko markagailuak aurkitu zituzten kale bereko beste hiru ataritan.

Ertzaintzako agenteek, Basauriko Udaltzaingoarekin elkarlanean, 33 eta 36 urteko bi gizonezko atxilotu eta espetxeratu dituzte, Basauriko eta Bilboko zenbait etxebizitzatan lapurretak egitea saiatzeagatik. Segurtasun Sailak adierazi duenez, “atxilotuak ikerketapean geratu dira Europa ekialdetik etorritako talde kriminal antolatu bateko kide izan daitezkeelakoan”.

Joan den larunbat goizean oporretatik itzuli berria zen Basauriko bizilagun batek Ertzaintzari ohartarazi zion udalerri horren erdialdeko kale bateko etxebizitza bloke batean ustez markagailuak jarri zituztela. Ertzaintzako agenteek bloke berean zelulosazko 15 markagailu zuri aurkitu zituzten sarrailetan sartuta. Horrez gain, antzeko markagailuak aurkitu zituzten kale bereko beste hiru ataritan. GEURIAK jakin ahal izan duenez, Kareaga auzoan gertatu da. 

Gauzak horrela, igande goizaldean Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak baterako dispositiboa ezarri zuten, eta 02:15ak aldera bi gizonezko ikusi zituzten markagailuak detektatu ziren ataritik irteten. Polizia bertan zela ikusirik, bi pertsona horiek ihes egiten saiatu ziren eta jazarpenean zenbait objektu bota zituzten. Agenteek bi pertsona horiek atxilotu zituzten eta astelehen arratsaldean epailearen esku utzi ondoren, Basauriko espetxean sartzea agindu zuen. Atxilotuetako batek antzeko delituen ondoriozko polizia-aurrekariak ditu.

Ertzaintzak zabalik du ikerketa, azken hilotan zenbait etxebizitzatan izan diren eta zelula horri egotz dakizkiokeen lapurretak argitzen saiatzeko. Aldi berean, Bilbon izandako lapurreten ustezko beste bi egile gehiago identifikatzeko lan egiten ari da.

Atzemandako materiala

Gizonezkoek jaurtitako objektuen artean zazpi gakorde aurkitu zituzten (borja edo puntu anitzeko sarrailak irekitzekoak), delituaren ebidentzia gisa gorde zirenak. Gainera, atxilotuetako bati egindako miaketan, markagailuak egiteko materiala aurkitu zizkioten.

“Kalkuluen arabera, bi atxilotuak atariaren barruan ordu eta erdi inguru egon zirenez gero, ez da baztertzen etxebizitza baten barrura sartu ahal izana. Hortaz, kanpoan dauden auzokoak oporretatik itzuli zain geratu da Ertzaintza”, diote Ertzaintzatik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak