→Basauri

Etxegabetzeen kontra eta errolda sozialaren alde manifestazioa deitu dute maiatzean Basaurin

‘Etxegabetze gutxiago, errolda gehiago’ lemapean manifestazioa deitu dute maiatzaren 29an Batu Elkarlaguntza Sareak eta Baskonia-Larrazabal Auzo Elkarteak.

'Etxegabetze gutxiago, errolda gehiago' prentsaurrekoa Larrazabalen maiatzaren 12an // Batu Elkarlaguntza Sarea

‘Etxegabetze gutxiago, errolda gehiago’ lemapean manifestazioa deitu dute maiatzaren 29an, larunbatez, Batu Elkarlaguntza Sareak eta Baskonia-Larrazabal Auzo Elkarteak. Manifestazioa 18:00etan hasiko da Arizgoitiko plazatik. 

“Larrazabalgo bizilagun bat da Fernando. Gaur egun, auzoko aparkalekuan abandonatutako furgoneta batean bizi da (urik eta argirik gabe). 2020ko abenduan, Fernandok errolda eskatzeko eskubidea eta betebeharra burutu zuen Basauriko Udalean. 2021eko martxoan, errolda soziala izateko eskaera berriro aurkeztu zuen, Batu Elkarlaguntza Sarearekin eta Basauriko Baskonia-Larrazabalgo Auzo Elkartearekin batera. Orain arte, bi eskaeretako batek ere ez du jaso Basauriko Udalaren erantzun formalik”, diote Baskonia-Larrazabalgo Auzo Elkarteko eta Batu Elkarlaguntza Sareko kideek: “Ez dugu inolako jazarpenik edo kaleratzerik onartuko errolda sozialerako bere eskubidea bete nahi duen bizilagun baten aurka”. 

Informazio-asanbladak

Kasu horren berri emateko Batu Elkarlaguntza Sareak eta Baskonia-Larrazabal Auzo Elkarteak zenbait informazio-asanblada egin ditu Basaurin. Joan den maiatzaren 4an Larrazabaleko aparkalekuan egin zuten lehenengoa, ondoren, hilaren 14an Bentako plazan bigarrena, eta maiatzaren 21ean hirugarren asanblada deitu dute San Migeleko Ixatxak parkean 18:00etan. Era berean, apirileko Basauriko osoko bilkura izan bitartean elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak