Sareak

☉ Basauri

2020ra arteko Euskara Plana zehazteko prozesu parte-hartzailea ireki du Udalak

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) 2018-2022 zehazteko prozesu parte-hartzailea abiarazi du Basauriko Udaleko Euskara Atalak.

|

basauri euskararen eguna 2015 8
2015eko Euskararen Eguna Solobarria plazan // Geuria

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) 2018-2022 zehazteko prozesu parte-hartzailea abiarazi du Basauriko Udaleko Euskara Atalak. Zentzu horretan, bi saio deitu ditu otsailaren 27an eta martxoaren 13an 18:00etan Musika Eskolan. Saio horietan euskarari buruzko herritarren hausnarketak eta ekarpenak ezagutu eta partekatuko dira. “Parte hartzera gonbidatzen ditugu basauriar guztiak, izan gazte, guraso, irakasle, merkatari, elkarteen ordezkari, euskara irakasle, euskaltzale… Saioak atseginak eta dinamikoak izango dira, eta basauriarrek euskarari buruz dituzten kezkak, hautemateak eta ideiak jasotzen saiatuko gara“, dio Nora Pereda Euskarako zinegotziak.

2020ra arteko Euskara Planean -eta gaur egun indarrean dagoenean ere- zenbait ekintza zehaztuko dira. Hala nola, familia-transmisioa hobetzekoak, lan eremuari dagozkionak edota euskalduntze eta prestakuntza arloetakoak.

2013an onetsi zuen Plana udalbatzak, 2017ra arteko indarraldiarekin. Orain, berriz, Udalak bultzatuko dituen jarduketa-ildo estrategikoak diseinatzea dagokio, datozen bost urteotan hizkuntza-normalizazioan sakontzeko.

Euskara sustatzeko hamaika neurri

Nora Pereda zinegotziak azaldu duenez, “azken urteotan aurrerapauso handiak eman ditugu, eta euskara kalera irtetea sustatzeko neurri ugari abiarazi ditugu”. Besteak beste, hauek dira horietako neurri batzuk: eskualde osorako Geuria hilabetekaria; Udal Euskaltegiko eskaintza areagotzea; ikastetxeetan Antzerkigintza, Bertsolaritza edota Irratigintza-Ahozkotasuna programak; osoko bilkuretan aldibereko itzulpena; Euskararen Aholku Batzordea; euskararen erabilera butzatzeko erabilera-ohiturak sortzeko ekintzak; Social Antzokian euskarazko programazioa nabarmentzea; Berbalagun ekimena; kirolean euskara sustatzeko programa; euskara areagotzea udal langileen artean; edota merkataritzan euskara gehiago erabiltzea bultzatzeko diru-laguntzak.

Informazio gehiagorako euskara@basauri.eus helbide elektronikoa eta 944 666 312 telefono zenbakia jarri du herritarren eskura Basauriko Udaleko Euskara Zerbitzuak.

☉ Basauri

Kareagako Mendi Martxa apirilaren 28an izango da, Zaporeak elkartearen alde

|

Kareaga Mendi Martxaren bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa // Geuria

Kareagako Mendi Martxa izango da apirilaren 28an, igandez. Aurtengoa bederatzigarren martxa da eta irteera 10:00etan izango da Karmelo Torre eta Asturias kaleen arteko bidegurutzean.

Mendi Martxan parte hartzeko izena ematea 09:00etan hasiko da. Parte hartzaileek euro 1 ordaindu behar dute eta bildutako dirua Zaporeak elkarteari emango diote.

Aurten ibilbidea aldatu du Sorgina Kultur Elkarteak; izan ere, Arratiako Tranbia pasatzen zen bidean bidegorria eraikitzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia.

Asturias kaletik Montefuerterako bidea hartuko dute parte-hartzaileek, eta urtero bezala, Ollarganetik, Gaztelutik eta Malmasinetik igaroko dira. Guztira 9 kilometroko ibilbidea da.

Sorgina Kultur Elkarteak antolatzen du Kareagako Mendi Martxa, Kareagako Auzo Elkartearen, Babes Zibilaren, Gurutze Gorriaren eta Basauriko Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Gilda del Norte enpresako jabe basauriarrarentzat sei urte arteko kartzela zigorra eskatu dute

|

La Gilda del Norte enpresako jabea Basaurikoa da eta hiru delitu leporatzen dizkiote // Geuria

Basauriko enpresari batek, F.J.G.Á., La Gilda del Norte enpresako jabeak, sei urte arteko espetxe zigorra eta “isun ekonomiko handiak” jaso ditzake, langile atzerritarrak “modu irregularrean eta modu jarraituan” kontratatzeagatik.

Polizia Nazionalak eta Lan Ikuskaritzak ikerketa judiziala abiarazi zuten 2020ko abenduan enpresak Basaurin eta Lezaman dituen lokaletan. Ikerketa horren arabera, 2018tik, langile talde zehaztugabe “baina handi batek” ez zuen kontraturik eta ez zeuden alta emanda Gizarte Segurantzan; diru beltzarekin ordaintzen zieten, gutxieneko soldata baino gutxiago (hilero 800 euro, lanaldi osoan); eta ikuskapenak egiten zituztenean, langileak ezkutatzera behartzen zituzten, “baita hozkailuetan ere”. Gainera, kasu batean, langile bat haurdun geratu zen, eta honek adierazi zuen enpresaburuak abortatzera gonbidatu zuela eta dirua eskaini ziola haurdunaldia etetea ordaintzeko.

F.J.G.Á.ri hiru delitu leporatzen dizkiote. Zehazki, legez kanpoko lan-baldintzak ezartzea langileei lan-kontratuetatik kanpo; lan-baimenik ez duten atzerritarrak enplegatzea, baita adingabeak ere; eta, azkenik, langileen bizitza “arrisku larrian” jartzea, segurtasun-arauak eta laneko arriskuen prebentzioa bete gabe. Izan ere, Covid-19 izan zuten langileak pandemian lan egitera behartu zituen enpresariak.

Maria Miranda fiskalak frogatutzat eman ditu delituak, baina urtebeteko kartzela-zigorra eskatuko du epaiketan. Gainera, jabearen alaba (P.G.) salbuestsi du, nahiz eta enpresan erantzukizun handiak dituen.

Langileen abokatuek, ordea, sei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute enpresari basauriarrarentzat, eta hamar hilabeteko espetxe zigorra enpresariaren alabarentzat. Gainera, 16.200 euroko isuna nahi dute F.J.G.Á.tzat eta 7.200 euroko isuna bere alabarentzat, baita 7.500 euroko kalte-ordaina ordaintzea kaltetutako langile bakoitzari.

Akusazio gisa agertutako beste langile batek bost urteko kartzela zigorra eskatu du F.J.G.Á.rentzat eta bederatzi hilabetekoa alabarentzat, diru-kopuru berdinez gain. Orain dela bi urte, Lan Ikuskaritzak La Gilda del Norte enpresari 40.300 euroko lehen zehapena jartzea proposatu zuela zabaldu zen.

Juan Carlos Mediavilla Bilboko instrukzioko 1. zenbakiko epaitegiko titularrak F.J.G.Á.en eta haren alabaren aurkako epaiketa hasteko autoa eman du apirilaren 22an, baina oraindik ez dago epaiketarako datarik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ariz auzoan esku-hartze txikiak egiteko herritarren iradokizunak jasoko ditu Basauriko Udalak

Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko prozesu parte-hartzailea abirazi du Basauriko Udalak. Arizen hasiko dute lehen esperientzia

|

Ariz auzoan abiarazi du Auzoegin programako lehen prozesu parte-hartzailea Basauriko Udalak // Google

Basauriko Udalak herritarren parte-hartze prozesu berria jarriko du martxan: Auzoegin. Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko proposamenak egingo dituzte herritarrek.

Hasteko, lehen prozesu parte-hartzailea Arizen egingo du Udalak, baina udal ordezkarien asmoa da gainerako auzoetara zabaltzea: “Auzo batetatik hasi behar genuen eta Arizen izango da lehen esperientzia hau. Prozesuak herritarren onarpen ona badu, beste auzo batzuetara zabalduko dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

“Proposamenek Ariz auzoko hobekuntza zehatzei buruzkoak izan behar dute, neurri txikikoak, udal-langileek, hau da, obretako brigadakoek egiteko modukoak”, dio Iragorrik.

Hala nola, espaloiak konpontzea eta beheratzea, bankuak jartzea eta margotzea, loreontziak jartzea edo kentzea, argiztapena… “Gauza txikiak izan behar dira, herritarren egunerokotasuna errazten dutenak”, dio alkateak.

Parte-hartze prozesua zabalik dago maiatzaren 5era arte // Geuria

Errepide bat asfaltatzea proposatzea, esaterako, ez lukete onartuko udal teknikariek: “Prozesua ez da obra edo ekipamendu handiak proposatzeko. Garrantzia txikiagoko hobekuntzez ari gara, Udalak egin ditzakeen obra handiagoekin batera, gure kaleak erosoagoak eta atseginagoak izan daitezen”, zehaztu du Iragorrik.

Zelan parte hartu?

Herritarrek proposamenak egiteko epea zabalik dago maiatzaren 5era arte, eta prozesuan 16 urtetik gorako basauriarrek parte har dezakete. Udalak galdetegia bidaliko du Arizko etxeetara.

Ariz auzoko herritarrek edo auzoarekin harreman zuzena daukatenek egin ahal izango dituzte proposamenak // Basauriko Udala

Iradokizunak helarazteko hainbat bide erraztu ditu Udalak:

  • Arizen jarriko dituzte postontzien bidez. Postontziak egongo dira: Arizko Dorretxean, Agirre Lehendakaria kaleko Arizko autobus geltokian, Valencia kaleko metro geltokiaren sarreran, Katalunia kaleko 52. zenbakian, Leon kalean (metroko igogailuaren ondoan) eta udaletxeko Herritaren Arretarako Gunean
  • Karpa informatiboan. Apirilaren 29an, astelehenez, jarriko dute Arizko eliza aurreko plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
  • Ados Basauri online plataformaren bidez

“Proposamenak jaso ondoren, Udalak adostutako jarduerak baloratu, zehaztu eta gauzatuko ditu. Onartutako esku-hartzeak ahalik eta arinen gauzatuko ditugu. Balorazioa egin eta lanari ekin”, dio Berta Montes Partaidetza arloko zinegotziak. 

Azkenik, egin diren ekintzen laburpen bat bidaliko du Udalak auzokoen etxeetara: “Zer egin dugun jakinaraziko diegu bizilagunei, bi helbururekin: Udala gardena izateko eta herritarrek ikusteko euren proposamenak ez direla alferrik galtzen”, dio Montesek.

“Gobernu taldeak oso argi du basauriarren parte-hartzea sustatzen bada, herritarrek gaitasuna sentituko dute Udalaren ekintzetan eragiteko. Horrek udal gaietan inplikatzea bultzatzen du eta komunitate sentimendua indartzen du”, dio Montesek.

Auzoegin: 20 urte

2013an aktibatu zuen Basauriko Udalak Auzoegin Auzoetako Ekintza Plana. “Plan horren helburua udalerriko hainbat puntutan hirigintza hobetzeko, modernizatzeko eta berroneratzeko ekintzak gauzatzea da, auzotarrek, elkarteek eta kolektiboek hainbat partaidetza-kanalen bidez egindako eskaerei erantzuteko”, dio Iragorrik.

“Orain, plan honek ekimen berri bat jarri du abian auzoetan edo udalerriko ingurune jakin batzuetan herritarren parte-hartze prozesu espezifikoak bultzatzeko, auzotarren lankidetza aktiboaren bidez”, dio Iragorrik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 2024ko Itzulia Women lasterketako bigarren etaparen irteera eta helmuga hartuko ditu

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa. Hego Uribe eskualdetik igaroko dira txirrindulariak

|

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa // Argazkia: @SprintCycling (Itzulia Women 2023)

Gaur, apirilak 23, Itzulia Women 2024 lasterketaren ibilbide ofiziala aurkeztu dute Gasteizen. Lasterketa maiatzaren 10ean hasi eta 12an bukatuko da.

Lasterketak hiru etapa izango ditu, eta bigarrena Hego Uribe eskualdetik igaroko da. Zehazki, Basauritik irten eta amaituko da bigarren etapa, maiatzaren 11n, larunbatez.

Guztira 104 kilometro egingo dituzte emakume txirrindulariek Basauri-Basauri etapan.

“Ziurrenik edizio honetako etaparik urduriena izango da. 104 kilometro izango dira, hiru mendate puntuagarri eta amaieran hainbat igoera eta jaitsiera etorriko dira, ziurrenik etapa nork irabaziko duen ebatziko dutenak”, diote Itzulia Women lasterketako arduradunek.

Lehenego etapa da Gasteiz-Elgoibar (140 kilometro, maiatzak 10) eta hirugarrena Donostia-Donostia (114,9 kilometro, maiatzak 12).

Basauri-Basauri: ibilbidea

Itzulia Women 2024 lasterketaren bigarren etapa maiatzaren 11n, larunbatez, izango da. Irteera 10:45ean izan da eta lehen txirrindulariak 13:21etik 13:39ra bitartean iritsiko dira helmugara. Oraindik zehaztu barik dago non hasi eta non bukatuko den etapa.

Basauri-Basauri bigarren etaparen ibilbidea // Itzulia Women 2024

Basauritik eta San Migeletik itzuli bat egin ostean, Arrigorriagatik, Ugaotik eta Zeberiotik igaroko dira txirrindulariak. Ondoren, Sarasola Gainara helduko dira (hirugarren mailako mendatea), eta handik Igorrera eta Lemoara egingo dute.

Lemoa atzean utzita, Usansolotik igaroko da tropela eta handik Larrabetzurantz egingo du. Bertan Aretxabalgane Gaina (hirugarren mailakoa) egingo dute, eta Gamiz-Fika barruan Urruztigaina (bigarren mailako) egingo dute.

Larrabetzutik igaroko dira berriro txirrindulariak, eta Erletxetik Galdakaorako bidea hartuko dute. Galdakaon esprint berezi bat egongomda, 81,7. kilometroan.

Eta azkenik, Galdakaotik Basaurira helduko dira. Basaurin, 90. kilometroan bigarren eta azken esprinta egingo dute txirrindulariek eta hamar kilometro ondoren bukatuko da bigarren etapa.

Basauri Kirolaren Europako Hiri da aurten, eta horren barruan hartuko du herriajk 2024ko Itzulia Women lasterketa, urte hasieran GEURIAn adierazi genuen bezala.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Alex Garcia Galas basauriarrak errekuperazio aldi “oso luzea” izango du Gurutzetako Ospitalean

Igandean bertan, Thailandiatik aberriratu zutenean, kendu zioten kaltetutako pankrea zatia Gurutzetako Ospitalean

|

Alex Garcia Galas basauriarra Gurutzetako Ospitalera iritsi zen momentuan // Argazkia: Eitb Media

Alex Garcia Galas basauriarra indarberritzen ari da Gurutzetako Ospitalean. Igandean aberriratu zuten Thailandiatik pankreatitisak jota eta egunean bertan kendu zioten kaltetutako pankrea zatia.

Zaintza Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dago eta errekuperazio aldi “oso luzea” izango duela iragarri dute Gurutzetako medikuek.

Medikuek jakinarazi dute Alex kontziente eta egoera egonkorrean dagoela, duela bi hilabetetik jasaten ari den abdomen-prozesuaren larritasunaren barruan, eta Medikuntza Intentsiboko taldearen ardurapean jarraitzen du bere tratamenduarekin.

Asteburu solidarioa

Apirilaren 27an eta 28an antolatu du asteburu solidarioa Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak, Alexen familiari laguntzeko.

Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte. Egitaraua osorik hemen.

Bilduko duten dirua Alexen familiari emango diote. Izan ere, basauriarra Thailandian ospitalean egon zen bitartean (bi hilabete) egunero 3.000 eta 4.000 euro artean gastatu zituen familiak Alexi mediku probak egiteko.

Bestetik, itsulapikoak ere jarri ditu Basozelaiko Auzo Elkarteak Basauriko saltokietan.

Osorik irakurri