→Basauri

Euskaraldiari amaiera emateko ekitaldia eta ‘Gorria’ ikuskizuna izango dira gaur Basaurin

Amaiera izango du gaur Euskaraldia ariketa sozialak. Basaurin “ekitaldi xumea” antolatu dute Social Antzokian 19:00etan. Ondoren, ‘Gorria’ ikuskizuna izango da.

Hamaika ekitaldi antolatu dituzte Basaurin Euskaraldiaren barruan. Argazkian Txor Txor bakarrizketa // Basauritarrak

Amaiera izango du gaur, abenduak 4, Euskaraldia ariketa sozialak. Basaurin “ekitaldi xumea” antolatu dute Social Antzokian 19:00etan, eta besteak beste, Euskaraldia Basauri 2020 izan denaren laburpen bideoa proiektatuko dute, eta herri batzordeko arduradunek eta Asier Iragorri Basauriko alkateak hitza hartuko dute. Ondoren, ‘Gorria’ ikuskizuna izango da Miren Amuriza bertsolariarekin eta Askoa Etxebarrieta ‘La pulga’ dantzariarekin.

Ateak 18:30ean irekiko dituzte eta ekitaldia 19:00etan hasiko da. Ondoren, ‘Gorria’ ikuskizunari hasiera emango diote. Ekitaldia ikusteko ‘Gorria’ ikuskizuneko sarrera erosi beharko dute interesdunek Social Antzokiko leihatilan edo webgunean. Sarrera orokorra 10 euroan dago salgai, Social Antzokiko bazkideek 6,50 euro ordainduko dituzte eta Gazte Txartela dutenek 7 euro.

Hausnarketa saioa abenduaren 10ean

Bigarren Euskaraldia bukatu eta astebetera hausnarketa saioa antolatuko dute Basaurin. Abenduaren 10ean izango da saio hori Ibaigane Kultur Etxean 19:00etan. Euskaraldia Basaurin egindako ibilbidearen laburpena, izen-emateen datuak, indarguneak eta ahulguneak edota herri batzordearen dinamika azalduko dituzte. Era berean, herritarren iritziak jasoko dituzte Euskaraldia Basauriko arduradunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak