→Basauri

“Jende-pilaketa handirik gabekoak eta oso lasaiak”, Basauriko ez-jaien balantzea

Basauriko ez-jaietan guztira 50 salaketa jarri dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Batez ere, maskara ez erabiltzeagatik edo txarto erabiltzeagatik, botiloia egiteagatik, eremu publikoetan erretzeagatik segurtasun-tartea zaindu gabe edota hamar pertsonako gehienezko edukiera ez errespetatzeagatik.

Basauriko ez-jaietan guztira 50 salaketa jarri dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak // Geuria

Basauriarrek sanfaustoetako ez-jaietan arduraz jokatu dutela diote Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Bi erakundeek operatibo bateratua abiarazi zuten Basauriko ez-jaietan eta, “jende-pilaketa handirik gabekoak eta oso lasaiak” izan direla adierazi dute.

“Polizia-operatiboa erabat eraginkorra izan da, eta eguraldi kaskarrak eta euriak ere eragina izan dute. Basauriarrek kontsekuente jokatu dute eta kuadrillen erantzukizuna eta jaiak ez ospatzeko babesa ere erabakigarria izan da, eta eskertu nahi nuke”, dio Asier Iragorri alkateak.

50 salaketa ez-jaietan

Urriaren 9tik 18ra bitartean guztira 50 salaketa jarri dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Basaurin. Batez ere, maskara ez erabiltzeagatik edo txarto erabiltzeagatik, botiloia egiteagatik, eremu publikoetan erretzeagatik segurtasun-tartea zaindu gabe edota hamar pertsonako gehienezko edukiera ez errespetatzeagatik jarri dituzte salaketa gehienak. Gainera, ostalaritza-establezimenduren batek salaketa jaso du, ordutegia urratzeagatik.

Era berean, desobedientziagatiko eta agintaritzaren errespeturik eza faltagatiko bost salaketa jarri dituzte, eta Udal ordenantzen alorrean, terrazetan hamar urraketa salatu dituzte eta portaera eta garbiketa publikoari buruzko ordenantza ez betetzeagatiko beste salaketa bat jarri dute. 

“Gazteen lonjetan ez da esku-hartzerik egin behar izan; kale-edanak ez du gora egin nabarmen, eta maskara jantzita ez eramateagatiko salaketa-kopuruak ere ez. Egon dira salaketak maskara ez eramateagatik edo botiloia egiteko saiakerengatik, baina oso gutxi izan dira: edozein asteburutan egon daitezkeenen parekoak”, diote Basauriko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arduradunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak