→Basauri

Kuadrillen arropak ez janztea eta bazkari “jendetsuak” ekiditea eskatu dute Herriko Taldeakek eta Udalak

Basauriko ez-jaietan formatu txikiko ekitaldiren bat egitea pentsatu bazuten ere, Herriko Taldeakek eta Udalak erabaki dute “inolako ekitaldirik ez egitea”.

San Fausto jaiak bertan behera uztea erabaki zuten ekainean Herriko Taldeakek eta Basauriko Udalak. Bitarte honetan formatu txikiko ekitaldiren bat egitea pentsatu bazuten ere, hamasei kuadrillek eta Udalak oraingoan ere erabaki dute “inolako ekitaldirik ez egitea”. Gainera, basauriar guztiek zuhurtziaz jokatzea eskatu dute bi erakundeek, “eta jaiekin zerikusia duen ekintza oro ekiditea. Hala nola, kuadrillen arropak janztea edota bazkari jendetsuak egitea”.

“Udalaren eta Herriko Taldeaken arduradunok Osakidetzako langileekin bilduta egon gara —Basauri-Arizko anbulatoriokoekin, hain zuzen ere—, pandemiak udan zehar izandako bilakaeraren berri jasotzeko. Hasieran, pentsatu genuen formatu txikiko ekitaldiren bat egitea. Orain, ordea, uste dugu zuhurragoa dela ezer ere ez antolatzea: batetik, osasun-egoera dela eta; eta, bestetik, beste udalerri batzuetan, ez-jaiak ospatu dituztenean, berriro agertu delako birusa. Gure erabakiak, dena dela, eskatzen du basauriarrek ere arduraz jokatzea, gure herrian kutsatze-fokurik sor ez dadin. Eta badakigu herritarrek halaxe egingo dutela”, diote elkarrekin argitaratu duten komunikatuan.

“Basaurirekin konprometituak”

“Kuadrilla bateko kide izatea, jaiez gozatzea baino zerbait gehiago ere bada: Basaurirekin konprometituta egotea eskatzen du, eta aurten, konpromiso horrek esan nahi du arduraz jokatu behar dugula, norberaren eta gainerakoen osasuna arriskuan ez jartzeko”, diote Herriko Taldeakeko ordezkariek.

Asier Iragorri Basauriko alkateak eskerrak eman dizkio Herriko Taldeaki, “agertutako jarrera arduratsu eta solidarioagatik”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak