→Basauri

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza areagotuko dute Basauriko ez-jaietan

Oinezkoen guneetan, aisialdirako esparruetan, plazetan edota parkeetan zaintza areagotuko dute Basauriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ez-jaietan.

San Migeleko ez-jaietan prebentzio-operatiboa "oso eraginkorra" izan zela diote udal arduradunek // Geuria

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza areagotuko dute Basauriko ez-jaietan, osasunaren alorreko arau-hausteak gerta daitezkeen eremuetan. Hala nola, oinezkoen guneetan, aisialdirako esparruetan, plazetan edota parkeetan. Gainera, herrira beste garraiobide batzuetan eta oinez datozenen artean ere kontrolak egingo dituzte. Helburua da ekiditea adin txikikoek alkohola edatea, maskara ez erabiltzea, segurtasun-tartea ez zaintzea eta osasun-arduradunek Covid-19ari aurre egiteko segurtasun- eta osasun-neurri prebentiboak urratzen duen beste edozein portaera ikusaraztea.

Udal ordezkarien arabera, prebentzio-operatiboa “oso eraginkorra” izan zen San Migeleko ez-jaietan: “Normaltasuna izan zen nagusi, eta ez zen istilu garrantzitsurik egon”, diote udal arduradunek. “San Migelen herritarren portaera eredugarria izan zen. Espero dugu Basaurin ere lasaitasuna gailentzea eta arau-hausterik ez gertatzea. Horretarako, jendeari eskatzen diogu datozen egunotan arduraz joka dezala, indibidualki zein kolektiboki, eta osasun-neurriak bete ditzala”, diote Udaltzaingoko eta Ertzaintzako arduradunek.

Basauriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten bizi dugun egoerari erantzun bateratua emateko. Hitzarmen horren barruan, Koordinazio Operatiboko Mahaia eratu zuten, eta, duela bi aste, Mahai horren testuinguruan, ekintza-plan bateratua abiarazi zuten, San Migeleko ez-jaietan zehar osasun-arduradunek ezarritako prebentzio-neurriak beteko zirela bermatzeko. Gauzak horrela, asteburu honetatik aurrera operatibo bera errepikatuko dute Basauriko ez-jaietan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak