→Basauri

Ez Naiz Isilduko ekimenak Aterpe Aitorpena saria jaso du Athleticen eskutik

Argazkia: Pepe Godoy

Ez Naiz Isilduko ekimeneko zenbait kide hartu dituzte gaur, apirilak 30, Ibaiganen Athletic Clubeko ordezkariek. Klub bilbotarraren eskutik Aterpe Aitorpena saria jaso du ekimenak Euskadiko Praktika Onenaren atalean, eta koadro bat eta lehoi figura bat eman dizkiete. Miriam Alonso, Pau Gonzalez eta Pepe Godoy eta Mikel Moreno basauriarrak Ez Naiz Isilduko ekimenaren izenean bertaratu dira Ibaiganera.

Athletic Club erakundeak Aterpe Aitorpena sariketaren lehenengo edizioa antolatu du aurten, honen inguruan: babes praktika egokiak izan eta haurrak kirol arloan ondo tratatzea. Sariketa kirol erakundeei, norbanakoei (profesionalak, boluntarioak), kirol klubei, eskolaz kanpoko jarduerei, aisialdiko jarduerei, erakunde publikoei, gizarte erakundeei, Fundazioei, Federazioei eta Kooperatibei dago zuzenduta, eta gaur, apirilak 30, sari-banaketa egin dute Ibaiganen.

Iñaki Alonso Athleticeko Adingabeen Babeserako arduradunak eman dizkie oroigarriak ekimeneko kideei. Alonso Haurren Eskubideetan espezialista da, eta UNICEF eta Save the Children erakundeetan lan egindakoa da. Prestakuntza Futbolaren arloan, Athleticek aurrerapauso bat eman du adingabeen babesari dagokionez. Besteak beste, arriskuen prebentziorako eta babesgabetasun egoeretarako ekintza zehatzak ezartzea, klubeko arlo desberdinetako langile guztientzako prestakuntza espezifikoa ematea, edota jokabide protokolo espezifikoak eskura izatea dira programaren helburua. Aterpe Aitorpena sariak Latinoamerikako, Espainiako eta Euskadiko ekimenak aitortzen ditu. Aurten, Euskadi mailan Ez Naiz Isilduko kanpainaren lana goraipatu dute.

Haurren Babes Gunea

Aterpe programaren helburua da kirol erakundeetan haurrentzako espazio seguruak sortu eta mantentzea. Athleticek, programa honen bidez, haurren babeserako politika integral baterako oinarria finkatu du. Horren barruan sartuko dira prebentzio elementuak, prestakuntza eta jarduera protokoloak; betiere, erakundeko haurren ongizatea helburu izanik.

Kultura eta kirol arloko 50 lagunek hartu dute parte #Eznaizisilduko bideoklipean

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak