→Basauri

Federico Mayo auzunea berritzeko azken fasean 315.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak

Bingen Antón Ferrero, Andaluzia, Gaztela eta León kaleen arteko etxadian jardungo du Basauriko Udalak. Guztira 2 milioi euro inguru inbertitu dituzte Federico Mayo auzunea berritzeko.

Bingen Antón Ferrero, Andaluzia, Gaztela eta León kaleen arteko etxadian jardungo du Udalak // Google

Federico Mayo auzuneko berrurbanizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko hirugarren eta azken faseari helduko dio Basauriko Udalak. Kasu honetan, Bingen Antón Ferrero, Andaluzia, Gaztela eta León kaleen arteko etxadian jardungo du, eta horretarako 315.000 euroko partida onetsiko dute urriko osoko bilkuran, bihar.

Besteak beste, ingurune osoa berriro urbanizatu, dauden oztopo arkitektonikoak kendu, udal sareak eta bestelakoak berritu, eta hiri-altzari berriak jarriko dituzte. Etxadi horretan jardun ahal izateko, auzokideek, aurretiaz, Udalari laga diote lursailen jabetza.

2 milioi euro

Azken fase horrekin Ariz auzoko Federico Mayo auzuneko hiri-eraberritze prozesua amaituko du Udalak. Federico Mayo auzunea berritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko lanak 2014an hasi zituen Basauriko Udalak, eta ordutik gaur egunera arte bi milioi euro inguruko inbertsioa egin du. Lehenengo fasean (1,2 milioi euro) Andaluzia, Valentzia, León eta Gaztela kaleen arteko etxaldeko lanak burutu zituzten: ingurune osoa berritzeaz gain, igogailua jarri zuten Andaluzia eta León kaleen artean; eta gune berri bat sortu zuten haur-jolasekin, banku eta mahaiekin, eta gimnasia egiteko aparatuekin.

Bigarren fasea 2018an hasi zuten, Valentzia eta Aragoi kaleen artean: etxadi osoa berriro urbanizatu, eta 2tik 12ra bitarteko atarietan zeuden irisgarritasun-arazoak konpondu zituzten, baita Udalaren saneamendu- eta argindar-sareak berritu eta hiri-altzari berriak jarri ere (351.883 euro).

Lan horiek biak eta azken fase hau Udalak 2013an abiarazitako Auzoegin Ekintza Planaren barruko lanak dira. Ekintza Plan horren xedea da udalerriko zenbait tokitan eraberritzearen eta berroneratzearen alorreko esku-hartzeak egitea, herritarrek, elkarteek eta taldeek parte hartzeko zenbait bidetatik egindako eskaerei erantzuteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak