→Basauri

Federico Mayo auzuneko azken fasea berritzeko kontratazio prozesua zabaldu du Basauriko Udalak

Bingen Antón Ferrero, Andaluzia, Gaztela eta León kaleen artean dauden hiru etxadietan esku hartuko du Udalak // Google

Federico Mayo auzunea berritzeko azken faseari helduko dio Basauriko Udalak. Kasu honetan, Bingen Antón Ferrero, Andaluzia, Gaztela eta León kaleen artean dauden hiru etxadietan esku hartuko du Udalak. Eremu osoko irisgarritasuna hobetuko dute eta etxebizitza-gunearen barrualdea berriro urbanizatuko dute. Era berean, Gaztela kaleko 1-7 atarien atzealdetik doan espaloia ere zabalduko dute, eta 2. atariaren alboan lur gaineko aparkaleku bat egingo dute. Gainera, udal-sareak berritu eta hiri-altzari berriak jarriko dituzte gune osoan.

“Bingen Antón Ferrero, Andaluzia, Gaztela eta León kaleek 30 atari eta 288 etxebizitza dituzte, eta XX. mendearen erdialdean eraiki ziren. Ariz aldeko hegalean dagoenez, etxadi berean malda handiak daude mutur batetik bestera”, diote udal ordezkariek.

Obrak egiteko kontratazio prozesua zabaldu du Udalak jada. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 315.539 eurokoa da, eta enpresa interesdunek ekainaren 1era arte dute euren proposamenak egiteko. Ondoren, kontratazio mahaia batuko da eta obrak enpresa bati esleituko dizkio. Enpresa esleipendunak hiru hilabeteko epea izango du lanak bukatzeko.

1,5 milioi euro guztira

Federico Mayo auzuneko etxebizitza-multzo osoa berrituta geratuko da hirugarren eta azken fase horrekin. Aurretik esku hartze hauek egin ditu Udalak auzune horretan: 2015ean berriztatu zituen Andaluzia, Valentzia, Leon eta Gaztela kaleek mugatutako etxadiak (889.151 euro), eta 2019an Valentzia, Aragoi, Leon eta Gaztela kaleen arteko tartea berrurbanizatu zuen (351.883 euro). “Gauzak horrela, azken fasea amaitutakoan, Udalak Arizko etxebizitza-multzo horretan egindako inbertsioa 1,5 milioi eurotik gorakoa izango da”, diote udal arduradunek. Obra hauek Auzoegin Auzoetako Ekintza Planaren barruan daude.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak