Sareak

☉ Basauri

Fernando Escribano ‘Erlantz’: “Pintore bat beti egozentrikoa dela eta erakusketa gustatzen zaiola uste dut”

Fernando Escribano ‘Erlantz’ margolaria bere sorterrira itzuli da hainbat urte ondoren. ‘Ilunpetik… Ortzadarrera’ bere azken lana ikusgai dago Arizko Dorretxean.

|

‘Ilunpetik... Ortzadarrera’ basauriarraren azken lana ikusgai dago Arizko Dorretxean otsailaren 18ra arte // Geuria

Neoespresionismo soziala. Askok interneten begiratu beharko dute zer esan nahi duen horrek. Eta hitz horiekin batera Basauri bilatuz gero, Fernando Escribano (Basauri, 1958) margolaria agertuko da bilaketan. ‘Erlantz’ ezizenarekin sinatzen ditu bere lanak. Aspalditik bizi da Basauritik kanpo -Tarazonan (Zaragoza)-, baina bere sorterrira itzuli da ‘Ilunpetik… Ortzadarrera’ bere azken lana aurkeztera. Bere txikitako auzoan, Arizko Dorretxean ikusgai dago erakusketa otsailaren 18ra arte. Urtarrilaren 21ean inauguratu zuen erakusketa eta berarekin solasean aritzeko aukera izan genuen. 

Noiz hasi zinen pinturaren munduan?
Basaurin jaioa naiz, Ariz auzoan. Aita margolaria zen eta Nafarroatik Basaurira etorri zen 1955ean. Pinturan aritzen saiatu zen, baina ezin izan zuen, familia mantendu behar zuelako eta gurean bizitza bohemioa ez zegoelako ondo ikusita. Orduan Basauriko Edesa edo Firestone enpresetan hasi zen lanean. Txikitatik irakatsi zidan pintura, eta nik horrekin jarraitu nuen, amak horretan aritzerik nahi ez bazuen ere; pintura ia-ia gorroto zuen. Artista izatea eta artea bera ez zeuden orain bezain ondo ikusiak. Aitak, aldiz, horretan aritzera animatzen ninduen eta ezkutuan irakasten zidan.

Eta horrela egin duzu bidea margolari bezala.
Bai. Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan pintura ikasi nuen. Gauetan joaten nintzen. Aitak eta biok amari esaten genion delineatzaile izateko ikasten ari nintzela. Orduan jarraitu egin nuen eta hainbat pintorerekin egon nintzen euren estudioetan. Klase partikularrak balira bezala zen. Gero margotzen hasi nintzen, baina familia bat mantendu behar zenez —ezkondu nintzen eta bi alaba izan nituen—, aitari gertatutakoa gertatu zitzaidan niri. Beste zerbaitetan egiten nuen lan, eta margoa bazter batean neukan. Garai batzuetan margotzeko gai nintzen, eta beste batzuetan ez.

Urratsa eman eta pinturan bete-betean aritzea erabaki zenuen arte.
Hala da. Gertatuko zena gertatuko zen, baina nik pintatzeari ekin nahi nion. Gaur egun nire lana dela esan dezaket. Tarazonan, bizi naizen lekuan, arte-eskola bat daukat, Erlantz artisten Atelier izenekoa. Neure estudioa daukat, eta eskolak ematen, koadroak margotzen eta erakusketak egiten aritzen naiz.

Zergatik Erlantz?
Izengoiti gisa gaztea nintzenetik eraman dudan izena da Erlantz. Batzuek horrela deitzen zidaten, eta horregatik sinatzen ditut nire lanak Erlantz bezala.

Orain, Arizko Dorretxean, ‘Iluntzetik… Ortzadarrera’ zure obra ikus dezakegu.
Hala da. Lan hau oso berezia da. Obra hau duela bi urte sortu nuen, justu covid-aren pandemia hasi zenean. Klaseak bertan behera utzi behar izan nituen, denok etxean itxita geundelako, eta orduan margotzeko sortu zitzaidan antsietateagatik horretan hasi nintzen lanean. Hasi eta hilabetera, fibrilazio aurikular oso gogorra izan nuen, eta ospitalera joan eta etorri ibili nintzen. Oso ahul nengoen, baina margotzen jarraitu nuen. Medikuek ez zuten sinesten hain formatu handia margotzen ari nintzenik, horrek daraman lanarekin gainera! Baina ezinbesteko beharra zen niretzat. Nik serieka egiten dut lan: bat hasi, amaitu eta ahaztu egiten dut; beste bat hasi, amaitu eta ahaztu egiten dut; eta horrela, hurrenez hurren. Beti saiatzen naiz gizabanakoarekin zerikusia duen gai bat bilatzen, eta ikusleak obra begiratzen duenean, zerbait eragin diezaion bilatzen dut: arbuio-sentimendua, idealizazio-sentimendua edo bizitzan gertatu zaion zerbaiten sentimendua. Nik esaten diodan bezala, arimaren pintura da, bizikidetzarena, gizartearena.

Zure lana neoespresionismo sozial gisa definitzen duzu. Zer esan nahi du horrek?
Instintiboki ni neu beti agertzen naiz koadroan. Jatorrietatik hasten dut eta prozesu horretan koadroak zerbait iradokitzen dit. Nik koadroak iradokitzen didana egiten dut, hazten doan arte. Nire uste sozial eta filosofikoengatik, azkenean zerbait salatzen dute nire koadroek: bakardadea salatu dezake, gatazka soziala, gizabanakoa bide oker edo egoki batera aldatzea… Koadroa garatzen ari naizenean, hazten eta jaiotzen ari da, eta bide horrek berak horretara eramango nau. Batez ere salaketa sozial bat adierazten dut.

Obra hau pandemian sortu zenuen. Esango zenuke etxean itxita egoteak gehiago sortzen lagundu dizula?
Noski baietz. Garai hartan ez genuen erantzukizunik. Dena ‘stand by’ batean zegoen, dena bat-batean gelditu zen. Une hartan gizarteak ez gintuen presionatzen, mundu guztia pozik zegoen etxean, txaloka ari ginen, leihoetatik edo balkoietatik gauzak egiten genituen. Horrek barne-premia bat eragin zidan, gertatzen ari zitzaidan guztia garatzeko premia bat. Arizko Dorretxean aurkezten ari naizen erakusketan gertatu zitzaidanaren isla den koadro bat dago, eta koadro horretan primeran ikusten da igaro nuen prozesu guztia. Horrek, pinturarekin kontaktuan bizi beharrarekin batera, sormen une garrantzitsua izatea ekarri zuen.

Zer material erabiltzen duzu zure obrak egiteko?
Beti pigmentu berberak erabiltzen ditut. Nik ez dut prestatuta dauden akrilikoekin margotzen; nik neuk prestatzen ditut, eta oihala bera ere nik neuk prestatzen dut. Italiatik ekartzen dizkidaten jutezko zakuzko oihalezko erroiluak erosten ditut beti, eta nik prestatzen dut. Bastidorea ere neuk prestatzen dut. Obran inplikatu behar dut hasieratik. Nire pigmentu guztiak burdin oxidoen deribatuak dira. Txikitako marka bat da: Basauriko kaleetan barrena korrika nindoanekoa eta lurra eskarabillera zenekoa gogorarazten dit.

Zuretzat pintura zer den galdetuko banizu.
Bizitza da. Niretzat pintura bizitza da. Pinturagatik familiak utzi ditut bidean, bizitza utzi dut bidean, gozatu egin dut, bizi dut. Azken finean bide bat da. Bizitzeko apustu bat da. Eta horrek prezio bat du, eta prezio hori ordaindu egiten da. Batzuetan gogorra da, eta beste batzuetan ez da hain gogorra edo gogobetegarria da. Beraz, aldi horien guztien batuketa da niretzat pintura.

Pinturaz gain, eskultura egiten duzula ikusi dut.
Bai. Pintore baten pintura-prozesua, Antonio Lópezek zioen bezala, 25 eta 40 urte bitartekoa da. Hortik aurrera, pintura guztia margolariaren inguruabar fisikoetara egokitzen da. 2008an bihotzekoak eman zidan eta margotzeari utzi behar izan nion urte batzuetan. Gero, itzuli nintzenean, ikusi nuen nire teknika ez zela nire bizitzan aplikagarria, eta orduan egokitu egin behar izan nuen. Eta orduan neoespresionismora pasatu nintzen. Neoespresionismo prozesu horretan eskultura txikien maketekin esperimentatzen hasi nintzen. Pinturan hasteko eta marrazteko nire modua oso anarkikoa da, baina eskulturan oso egitura zehatza behar dut. Kuboan oinarritutako eskultura oso sinpleak egiten ditut; kubo bat neurri bereko beste kubo batekin garatzen dut espazioak trukatuz. Hauetako eskultura bat daukat Tarazonako kale batean.

Margotzetik bizi zara. Zaila al da artetik bizitzea?
Niretzat beti izan da zaila artetik bizitzea. Ni langilea naiz, arte-langilea. Ni ez naiz pintore instituzionala, edo nik esaten dudan bezala, entziklopedia-margolaria. Asko lan egin dudalako naiz margolaria. Formatu txikietan lantzen hasten naiz neure burua kokatzeko eta erakusteko. Pintore bat beti egozentrikoa dela eta erakusketa gustatzen zaiola ulertzen dut, bestela ez genuke margotuko edo margotuko genukeena guretzat gordeko genuke. Denboraldi oso onak izan ditut, beste denboraldi batzuk ez dira horren onak izan, baina hau da aukeratu dudan bizitza.

Basaurin zure lana erakustea oso garrantzitsua izango da zuretzat.
Zerbait emozionala da, niretzat oso garrantzitsua. Ni ez nator hona koadroak saltzera, nire burua saltzera baizik. Urte hauetan guztietan nire bizitza zein izan den erakustera nator Basaurira eta nire auzora, Arizera. Niretzat oso garrantzitsua izan da Basaurira etortzea, duela 20 urte ikusten ez dudan jendea ikustea, eta jende hori nire lana ikustera etortzea. Basaurirekin dudan lotura oso garrantzitsua da: langile-auzoaren eta langile-klasearen kontzeptua oso barruan daukat. Horrek markatzen du nire bizitza, eta hori nire koadroetan ikusten da.

Zure auzora bueltatu zara hainbat urte kanpoan egon ondoren. Nola ikusi duzu?
Auzoa berdin ikusi dut. Dendak, egoera bera eta gauza asko aldatu dira, baina langile herria izaten jarraitzen du. Langile-klasearen idealizazioa eta Basaurik nola funtzionatzen duen eta nola funtzionatzen zuen garai hartan fabrika guztiak topera zeudenean;  hori ez da asko aldatu. Nik jendea ikusten dut eta jendeak plano horretan jarraitzen du.

Beste margolan sorta bat lantzen ari zara gaur egun?
Bai, margolan sorta berri batean ari naiz lanean. Nire pintura-prozesu guztiak serieka funtzionatzen du, eta serie bakoitzak beste metamorfosi bat eskatzen du. Beti nabil bilatzen nola adierazi arte plastikoki nik sentitzen dudana edo transmititu nahi dudana. Eboluzioak dira; nire pinturak berdina izaten jarraituko du, baina beste norabait doa hura islatzeko modua. Une honetan pintura sinpleagoa egiten nabil, intuitiboagoa. Giza irudia beti agertzen da; agian hainbeste agertzen ez dena hondo hain kargatuak dira, hain barrokoak.

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin

‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

|

Maddi Ane Txoperena 'Ez erran inori' nobelaren egilea urriaren 29an izango da Marienean // Geuria

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.

Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.

Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.

2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.

Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak

Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

|

Haurren parkea estaltzeaz gain, futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute ondoan dagoen berdegunean // Geuria

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.

Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.

Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.

“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko dituzte Basaurin Enplegu Planaren barruan

Gazteentzat bi lanpostu eta gainontzekoentzat beste 35 eskainiko ditu Udalak. Gainera, Lehentasunezko Arreta behar duten 40 kontratazio egingo ditu

|

Brigadako langileak Basozelaiko Gizarte Etxean lanean // Geuria

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbidek sustatutako Enplegu Planaren barruan.

Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bi gazte kontratatuko dituzte webmaster eta sistemen teknikari lanpostuetarako. Kontratazioak 12 hilabetekoak izango dira eta lan-jardunaldia % 100ekoa izango da.

“Euskadiko EGF+ programaren bitartez bi gazte kontratatuko ditugu. Helburua da gazte horiei lan-esperientzia bat eskaintzea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko beharrezkoa izango dena”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak.

Beste alde batetik, beste 35 lanpostu eskainiko ditu Udalak ESTE Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako programaren barruan.

Lanpostu horiek dira: Udal Brigadarako biltegiko langilea (1), igeltsero laguntzailea (5), gidaria (1), eraikuntzako peoia (8), elektrikaria (2), eta elektrikari laguntzailea (1), administrari-laguntzailea (8), community managerra (1), Tokiko Osasun Sarearen dinamizatzailea (1), tokiko merkataritzaren alorreko prospekziogilea (1), ekintzailetzako teknikaria (1), mantentze-lanetako laguntzailea (1), ‘Merkataritza Euskaraz’ kanpainaren dinamizatzailea (1), katastroko agentea (1), humanitateetako erdi-mailako teknikaria (1), eta liburutegiko laguntzailea (1).

Kasu horietan, 3, 5 edo 9 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin.

Izena ematea

Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta han, gero, bilaketa bat egingo dute lana eskatzeko izena emanda daudenen artean, eta, gainera, eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, interesa duten eta baldintzak betetzen dituztenek izena emateko aukera izan dezaten.

“Datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horien eskaintza, eta, hartara, gomendatzen dugu datuak eguneratzea Lanbiden; bai lan-esperientziari dagokionez, baita eskuratutako titulu berriei dagokienez. Era berean, eskaintzetan izena ematera dei egiten dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

Izapideak Lanbideren webgunean egin ahalko dira, edo, aukeran, aurretiazko hitzordua eskatuta 945 160 600 zenbakira deituz.

“Hurrengo urratsa izango da Lanbidek hautatutako pertsonen zerrenda bidaltzea Udalari, eta hark hautaketa-prozesua egitea: teknikarien eta giza baliabidetako langileen talde espezifiko batek hautagaitzak ebaluatuko ditu, ordezkari politikoen parte-hartzerik gabe”, diote.

Beste 40 kontratazio

36 lanpostu horiez gain, beste 40 kontratazio burutuko ditu Udalak. Kasu honetan Lehentasunezko Arreta behar duten Kolektiboei daude zuzenduta lanpostuak, eta horiek dira: bankuak eta hiri-altzariak margotzea (8), eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzea (Patioak Zabalik), agente zibikoa (12), eta kulturarteko horma-irudiak margotzea (8).

Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko entitateek kudeatuko dute. Seil hilabeteko kontratuak izango dira, lan-jardunaldiaren % 75ean, eta formakuntza eta lan-orientazioa ere eskainiko diete parte hartzen dutenei.

Basauriko Udalak deialdiaren berri emango du aurrerago, “izapidetze-fasea hasten denean”, diote.

Osorik irakurri