→Basauri

Kyrae, Infarto eta Pelicanos taldeek joko dute Festibas 2022 jaialdian, Basaurin

Kyrae, Infarto eta Pelicanos taldeak // Zirt Zart Basauri

Basauriko musika bandak ezagutzeko eta ikusarazteko Festibas jaialdia izango da maiatzaren 21ean, larunbatez, Bentako jaiekin bat eginez. Aurten, Kyrae (rock metal melodiko/progresiboa), Infarto (rock&roll) eta Pelicanos (flamenko “infusion”) taldeak igoko dira San Isidro plazako eszenatokira 20:00etatik aurrera.

Era berean, aurten, nobedade bezala, kontzertuez gain masterclass bikoitza antolatu dute antolatzaileek. Zehazki, Robert Rodrigo eta Dann Hoyos musikariek bi masterclass eskainiko dituzte Ibaigane Kultur Etxean maiatzaren 21ean bertan 17:30etik aurrera. “Robert eta Dann musikariak oholtza gainean arituko dira euren ibilbide luzeetan hobetu dituzten teknika eta trikimailu batzuk errepasatzen. Bertaratzen diren entzuleek aukera izango dute gitarraren heroi horiei galderak egiteko. Klasea euren abilezien erakustaldi batekin amaituko da”, diote antolatzaileek. Masterclasserako sarrera doakoa da edukiera bete arte.

Festibas jaialdia Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, Musika Master, Kultur Basauri eta Txantxangorri Bentako Auzo Lagunak Elkarte Kulturalaren laguntzarekin. Aurten 11 taldek eman dute izena Festibas jaialdian parte hartzeko, eta horien artetik aukeratu dituzte San Isidro plazan arituko direnak. Bandak aukeratzerakoan, hizkuntza, taldekideen adina eta bandak aurreko edizioetan parte hartu duen ala ez hartu dituzte kontuan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak