→Basauri

Foruak kaleko igogailuaren proiektua idazteko kontratua esleitu du Basauriko Udalak

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailua eraikitzeko azterlan geoteknikoa egiteko eta proiektua idazteko kontratua esleitu du Basauriko Udalak 27.622 euroan.

FORUAK KALEA ETA KAREAGA GOIKOA 105 LOTUKO DITU IGOGAILUAK // GEURIA

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailua eraikitzeko azterlan geoteknikoa egiteko eta proiektua idazteko kontratua esleitu dio Basauriko Udalak Ingenia Ingenieria y Arquitectura S.A. enpresari 27.622 euroan. Enpresa horrek gehienez ere lau hilabeteko epea izango du azterketa geoteknikoa egiteko eta eraikuntza-proiektua idazteko.

Azterketa geoteknikoaren bitartez kale bien arteko irisgarritasuna hobetzeko irtenbide egokiak bilatuko ditu enpresa esleipendunak, eta proiektuan zehaztu beharko dute zeintzuk izango diren bitarteko geralekuak eta beharrezko egitura laguntzaileak, hala nola, pasabideak. Era berean, proiektuak adierazi beharko du nola geratuko diren antolatuta atari, lonja eta garajeetarako sarbideak, baita igogailuaren, pasabideen, zoladuren edota altzarien akaberen deskribapena ere.

“Planteatutako esku-hartzeak ingurunearekin adeitsua izan beharko du, eta helburu izan beharko du herritarrek asko erabiltzea igogailu berriarekin sortuko den eremu publiko berria”, diote udal ordezkariek. Foruak eta Kareaga Goikoa 105 kaleen artean 14 metroko desnibela dago, eta, gaur egun, eskailera batzuk daude tarte horretan. Oztopo arkitektoniko hori ekiditeko eraikiko du Udalak igogailua.

Foruak kaleko igogailua eraikitzeko 700.000 euro gordeta ditu Basauriko Udalak. Maiatzean eman zuten horren berri udal ordezkariek eta orduan adierazi zuten aurreikusita zutela igogailua 2022. urtean bukatuta egotea, “baina administrazio-epeen arabera izango da hori”, adierazi zuen Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Karmelo Torreko igogailua

Foruak kaleko igogailuaz gain, beste bi eraikitzeko asmoa agertu du Basauriko Udalak: bata Karmelo Torre kalean eta bestea San Migelen. Karmelo Torreko igogailuari dagokionez, udal gobernu taldeak konpromisoa hartu du hori ere aurrera ateratzeko: “Hala ere, kasu horretan, esku hartu ahal izateko, jabeen erkidegoek beren lurrak laga behar dizkiote Udalari. Lagapenaz gain, eraikuntza-proiektua idatzi ahal izateko, lurren gaineko azterlana egin behar da aurretiaz, egiaztatzeko bideragarria dela bertan igogailu bat eraikitzea, eta, horretarako, laginketa ere egin behar da”, diote.

Udal arduradunak dagoeneko hizketan ari dira jabeen erkidegoekin, “ezinbestekoa baita erkidego horiek guztiek prospekzioak egiteko baimena ematea”. Auzotarrerrekin egin beharreko aurretiazko izapide horren zain, Udalak 60.000 euro gorde ditu eraikuntza-proiektua idazteko.

Bestetik, San Migeleko auzotarrek eskatu zuten San Migel Mendebaldean igogailu berri bat eraikitzea. Udalak bazituen proposamen batzuk mahai gainean, baina herritarrek beste bat aurkeztu dute: “Orain azterketa teknikoa eta ekonomikoa egin behar ditugu erabakiak hartu baino lehen”, zioen maiatzean Iragorrik: “Hasieran bazegoen eremu hartan igogailua egiteko proiektu bat, baina aldatu egin genuen, ahalik eta lasterren eraiki ahal izateko. Ordea, herritarrek eta auzokide elkarteak beste aukera bat proposatu digute duela gutxi, eta haren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzen ari gara”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak