→Basauri

Foruak kaleko igogailua eraikitzeko lehiaketa zabaldu du Basauriko Udalak

Igogailua jartzeko azterlan geotektikoa eta eraikitze-proiektua egingo dituen enpresa kontratatzeko prozesua zabalduko du Basauriko Udalak.

Foruak kalea eta Kareaga Goikoa 105 lotuko ditu igogailuak // Geuria

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailua eraikiko du Basauriko Udalak. Proiektua idazteko lehiaketa publikoa zabaldu berri du, eta igogailua jartzeko azterlan geotektikoa eta eraikitze-proiektua egingo dituen enpresa kontratatuko du. Proiektua idazteko lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 35.000 eurokoa da, eta obra egiteko epea lau hilabetekoa izango da.

Enpresa intersedunek bi kaleen artean dagoen 14 metroko desnibela ekiditzeko “irtenbide egokia” jasotzen duen dokumentu teknikoa aurkeztu beharko dute, “kale bien arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailu bertikal baten eta oinezkoentzako pasabideen bitartez“, diote udal ordezkariek. Eraikitze-proiektua idatzi aurretik, azterlan geoteknikoa egin beharko dute eta zehaztu obra egiteko beharrezko zimenduak eta egitura, baita igogailua jartzeko lanen xehetasunak, egongo diren geralekuak eta beharrezko egitura laguntzaileak, hala nola, pasabideak. Horrez gain, zehaztu beharko dute atari, lonja eta garajeetarako sarbideak nola geratuko diren. Proiektuak adeitsua izan behar du ingurunearekin, eta bilatu behar du herritarrek asko erabiltzea igogailu berriarekin sortutako eremu publikoa”, diote udal ordezkariek.

Basauriko Udalak hiru milioi eta erdi euro inguru bideratuko ditu herriko hainbat txoko txukuntzen eta proiektuak berregituratzen, eta Foruak kaleko igogailua eraikitzeko 700.000 euro gorde ditu. “Aurreikusten dugu 2022. urterako bukatuta egotea Foruakeko igogailua, baina administrazio-epeen arabera izango da hori”, adierazi zuen maiatzean Asier Iragorri Basauriko alkateak. 

Karmelo Torre eta San Migel

Foruak kaleko igogailuaz gain, beste bi eraikitzeko asmoa du Basauriko Udalak: bat Karmelo Torre kalean eta bestea San Migel Mendebaldean. Karmelo Torre kaleko igogailuaren kasuan, jabeen erkidegoek lurra laga behar diote Udalari igogailua eraiki ahal izateko: “Jabeen erkidegoek lurra lagatzeaz gain, baimena eman behar digute bertan esku hartzeko. Horretan gaude baldintzatuta”, dio Iragorrik. Gobernu taldeak 60.000 euro gordeko ditu Karmelo Torre kaleko proiektua idazteko. 

Eta bestetik, San Migeleko auzotarrek eskatu zuten San Migel Mendebaldean igogailu berri bat eraikitzea. Udalak bazituen proposamen batzuk mahai gainean, baina herritarrek beste bat aurkeztu dute: “Orain azterketa teknikoa eta ekonomikoa egin behar ditugu erabakiak hartu baino lehen”, zioen maiatzean Iragorrik: “Hasieran bazegoen eremu hartan igogailua egiteko proiektu bat, baina aldatu egin genuen, ahalik eta lasterren eraiki ahal izateko. Ordea, herritarrek eta auzokide elkarteak beste aukera bat proposatu digute duela gutxi, eta haren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzen ari gara”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak