→Basauri

Foruak kaleko igogailua 2023. urterako prest egongo da, Basaurin

Igogailua urrian eraikitzen hastea aurreikusi du udal gobernu taldeak // Geuria

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailua errealitate izango da 2023. urtean. Basauriko Udalak igogailua eraikitzeko lehiaketa publikoa zabaldu du eta udal ordezkariek aurreikusi dutenaren arabera, obrak aurtengo urrian has litezke: “Kontratua uda ondoren esleituko dugula kalkulatzen dugu eta aurreikusten dugu obrak urrian has litezkeela”, dio Asier Iragorri alkateak. Enpresa esleipendunak bederatzi hilabete izango ditu igogailua eraikitzeko, hortaz, 2023ko udaberrian edo udan bukatuta egotea uste dut Udalak.

Gaur egun 14 metroko desnibela dago bi kaleen artean eta eskailerak daude. Asmoa da oztopo arkitektoniko horri irtenbidea ematea eta horretarako igogailu bertikal bat eraikiko du Udalak. Beirazko estaldura izango du aurrekaldeetan eta alboetan aluminiozko panelak izango ditu, “aurrez aurre dauden etxebizitzei pribatutasun handiagoa emateko”. Lau geltoki izango ditu: lehenengo geltokia Foruak kalean, bigarrena Kareaga Goikoaren 105. atarirako sarbidearen parean, hirugarrena garajeen ondoan eta, laugarrena Kareaga Goikoa kalean. “Goiko bi geralekuek pasabide horizontal bat izango dute”, diote udal ordezkariek. Igogailuak hamahiru pertsonentzako edukiera izango du.

Igogailuak lau geldialdi izango ditu eta 13 lagunentzako edukiera izango du // Basauriko Udala

Udalak 859.996 euroko aurrekontua gorde du Foruak kaleko igogailua eraikitzeko. Enpresa interesdunek ekainaren 27ra arte dute euren eskaintzak bidaltzeko epea zabalik.

San Migel eta Karmelo Torre, bidean

Foruak kaleko igogailua zortzigarren igogailu publikoa da Basaurin. Aurretik eraiki ditu Udalak Urbikoa, Doctor Fleming kalekoa, Pintor Zuloagakoa, Aragoi kalekoa, Luis Petralandakoa, Federico Mayokoa eta Kareagako anbulatorio ondokoa. “Azken lau igogailuak eta Foruak kalekoa azken hamar urteetan eraikiak izan dira, eta laster beste bi hiri-igogailu izango ditugu: San Migel Mendebaldekoa eta Karmelo Torrekoa”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak