→Basauri

Garbiketa sektoreko langileek manifestazioa egin dute gaur Basaurin, soldata arrakalaren kontra

Bost mobilizazio deitu dituzte azaroa eta abendua bitartean; lehenengoa gaur Basaurin // Argazkia: ELA Sindikatua

Bizkaiko garbiketa sektorea borrokan dago. Alde batetik, soldata arrakalarekin amaitzea, eta bestetik, soldata duinak aldarrikatzen dituzte. “Negoziazio honen gakoetako bat sektorean genero-soldata-arrakala dagoela onartzea da. Garbiketa sektoreak 29.000 langile baino gehiago ditu EAEn. Kopuru horretatik 26.000 (% 86a) eraikinen eta lokalen garbiketan lan egiten dute, non % 85 emakumeak diren eta 4.000 inguruk kale-garbiketan, non % 76a gizonezkoak diren”, diote: “Kolektibo baten eta bestearen arteko soldata-aldea % 40 ingurukoa da. Eta hori kalean lan egitea konpentsatzen duen plus toxiko/nekagarri/arriskutsua alde batera utzita, beraz, bi kolektiboen arteko arrakala horren arrazoia gure sektorearen izaera feminizatua da”.

Bestetik, soldata duinak aldarrikatzen dituzte: “Gutxienez 1.200 euroko soldatak aldarrikatzen ditugu 15 ordainsaritan”, diote. “Soldata hori funtsezkoa iruditzen zaigu garbikuntzako sektorea duintzeko. Izatez, langile gehienek lanaldi partzialeko jardunaldiak dituzte, eta, ondorioz, soldata gehienak ez dira hilean 1.000 eurora iristen”.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek babesten dituzte Bizkaiko eraikin eta lokalen garbikuntzan azaroan eta abenduan antolatu dituzten mobilizazioak: “Bizkaiko garbiketa-sektorean une erabakigarri baten aurrean gaude. Patronala oso urrun dago gure lana duindu nahi izatetik. Lan feminizatua, prekarizatua eta ia beti ikusezina da gurea”, diote.

Azaroan eta abenduan zehar bost mobilizazio deitu dituzte. Gaur lehen mobilizazio eguna izan dute: manifestazioa egin dute Basaurin, Nagusia kaleko metro geltokitik udaletxera. Datozen egunetan beste lau mobilizazio deitu dituzte Bizkaian: azaroaren 26an Erromoko Xake plazan (18:00); abenduaren 3an elkarretaratzea Durangon (11:00); avenduaren 16an kontzentrazioa Zubi Esekian (11:00); eta abenduaren 22an manifestazioa Bilbon, plaza biribiletik CEBEKera (10:30). “Garaia iritsi da esentzialtasun hori soldata duin bihurtzeko Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileen kolektiboarentzat”, diote.

Argazkia: LAB Sindikatua

Argazkia: ELA Sindikatua

Argazkia: ELA Sindikatua

Argazkia: LAB Sindikatua

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak