→Basauri

25 urteko gizon bat atxilotu dute Basaurin, Ertzaintzako agente bat autoarekin harrapatzen saiatzeagatik

Gainera, Galdakaoko taberna batean kalteak egiteagatik eta segurtasun-jagole bati eraso egiteagatik atxilotu dute. Epailearen aurrera eraman dute gaztea.

Aurretik Galdakaoko taberna batean kalteak sortu zituen beste hiru lagunekin // Ertzaintza

Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Basaurin, Galdakaoko taberna batean kalteak egiteagatik, beste hiru gazterekin batera segurtasun-jagole bati erasotzeagatik eta Ertzaintzako agente bat autoarekin harrapatzen saiatzeagatik. Atzo bertan epailearen aurrera eraman zuten gaztea.

Gertaerak asteazken goizaldean jazo ziren, 02:00ak aldera. Galdakaoko taberna batetik agenteen laguntza eskatu zuten, lau pertsonek kalteak sortu zituztela eta segurtasun-jagole bat jo zutela adieraziz. Ertzaintzako agenteak lekura gerturatu eta ustezko erasotzaileak aurkitu zituzten auto baten barruan. Autoa kale batetik irten nahian zegoen, eta agenteek bidea itxi zioten. Orduan, autotik irteteko eskatu zieten, baina ez zuten esana bete. Gainera, bi pertsonak ihes egin zuten.

Agenteek euren burua “arriskuan” ikusi ondoren, eta autoan jarraitzen zuten bi gizonen eskuak ez zituztenez ikusten, arauzko armak atera zituzten. Kopilotua autotik irten eta Ertzaintzak identifikatu zuen. Momentu horretan gidariak maniobra egin eta ertzainei begira jarri zuen autoa. Eurengana joko zuela ikusita, agente batek airera hiru tiro egin, baina gidariak aurrera egin zuen, agente bat harrapatzen saiatuz. Ihes egitea lortu zuen.

Kopilotua behin identifikatuta, Basaurin atxilotu zuen Ertzaintzak gidaria, bere etxean, agintaritzaren agenteen aurkako ustezko delitua leporatuta. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak