→Basauri

20 urteko gazte bat atxilotu dute Basaurin, Kopako finalean Bilbon izandako istiluengatik

Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalean Bilbon izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik atxilotu dute Basaurin 20 urteko gazte bat.

20 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Basaurin, Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalean Bilbon izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik // Geuria

Bi lagun atxilotu zituen atzo Ertzaintzak Bilbon eta Basaurin, Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalean Bilbon izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik. Atxilotutakoek 20 urte dituzte, eta bi atxiloketa horiek Bilboko Udaltzaingoak egindako beste bi atxiloketekin batera egin dira.

Apirilaren 3an Ertzaintzak “dispositibo berezi” bat ezarri zuen Bilbon istiluak prebenitzeko eta osasun-araudia bete ez zezaketen pertsonen kontzentrazioak saihesteko. Era berean, auzotarren dei ugari jaso zituzten, eta jakinarazi zuten Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean pertsona askok ez zituztela Covid-19aren aurkako neurriak errespetatzen.

“Ertzaintzako agenteak zonaldera sartzen saiatu ziren egoera normalizatzeko, eta pertsona ugarik botilak, harriak eta antzeko objektu sendoak bota zizkieten, eta hainbat edukiontziri su eman zieten. Gainera, hiri-altzarietan eragindako kalteez gain, hainbat ibilgailu partikular eta saltoki bat kaltetu zituzten”, diote Segurtasun Sailetik. Ertzaintzak ikerketa jarri zuen martxan istiluetan parte hartu zutenak identifikatzeko.

Ikerketak zabalik jarraitzen duela adierazi dute Segurtasun Sailetik, eta ez dute baztertzen datozen egunetan atxiloketa gehiago gauzatzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak