→Basauri

3,5 milioi Basauri txukuntzeko: Igelaren pasealekua, Foruako igogailua, igerilekua handitzea…

Igelaren pasealekua delakoaren berritze integrala egingo du Basauriko Udalak // Geuria

Basauriko Udalak hiru milioi eta erdi euro inguru bideratuko ditu herriko hainbat txoko txukuntzen eta proiektuak berregituratzen. Asier Iragorri alkateak eta Nerea Renteria hirigintza zinegotziak aurkeztu dituzte gaur inbertsioak, banan-banan, asko baitira: “Herritarren eta auzokideen elkarteen eskaerei erantzuten diegu inbertsio hauekin, herritarren bizitza-kalitatea hobetzea da helburua”, dio Iragorrik. Aurrekontua diruzaintzako 2020ko gerakinetik dator. Diru kopurua oraingoz gutxi gorabeherakoa da eta datozen hileotan zehaztuko du Udalak. Honakoak dira proiektuak eta horietara bideratuko den dirua.

Datozen hilabeteetan Basaurin gauzatuko diren proiktuen berri eman dute Asier Iragorri alkateak eta Nerea Renteria zinegotziak // Geuria

IGELAREN PASEALEKUA. Pasealekuak eta berdeguneak berritzeko Udalak 600.000 euro bideratuko ditu. Alde batetik, Mercabilbao ondotik doan pasealekuaren berritze integrala izango da udal arduradunek datozen hileotan abiaraziko duten esku-hartze aipagarrienetako bat. Udalak konpromisoa hartzen du herritarren eskaera behinenetako bati erantzuteko eta basauriarrek hainbeste erabiltzen duten oinezkoen ibilbide horri berreraikitzeko. Guztira 400.000 euro inguru bideratuko dituzte esku hartze horretan. “Mercabilbaorekin adostuta, Udalak eremua hobetzeko lanak egin ditzake. URArekin ere batu gara eta argi berdea eman dio aurkeztutako proiektuaren zirriborroari. Proiektu ofiziala prest dugunean berriro aurkeztu beharko diogu URAri bertan jardun baino lehen”, dio Renteriak. Bestetik, Kareaga Auzo Elkarteak eskatuta, 200.000 euro inbertituko dituzte Kareagako anbulatorioko goialdea eta Kareaga Goikoa ikastetxe ondoko parkea lotuko dituen ibilbide bio-osasungarri bat egiteko.

AUZOETAKO LANAK. Bestalde, udalerriko auzoak berroneratzeko eta irisgarritasuna hobetzeko 1,1 milioi euro inbertituko ditu Udalak. Zehazki, Federico Mayo auzuneko azken fasearen (hirugarren fasea) barruko berrurbanizazio-lanak eta irisgarritasuna hobetuko ditu Udalak 400.000 euro inbertituta. “Hain zuzen ere, Bingen Antón Ferrero, Andaluzia, Gaztela eta León kaleen arteko zatian esku hartuko dugu”, dio Renteriak.

San Migeleko Ramón Kareaga kalean berrurbanizazio-lanak egitea ere aurreikusi du Udalak, eta horretarako 300.000 euro gorde ditu. “Dena dela, San Migeleko auzotarrek lehenetsi dute San Migel Mendebaldean hiri-igogailu berri bat eraikitzea, eta, beraz, horren proiektua eta aurrekontuaren mende dago datozen hileotan Ramón Kareagan berrurbanizazio-lanak egitea ala ez”, dio Iragorrik: “San Migeleko hiri-igogailuan herritarren hirugarren proposamen bat aurkeztu dute. Orain azterketa teknikoa eta ekonomikoa egin behar ditugu erabakiak hartu baino lehen”. “Hasieran bazegoen eremu hartan igogailua egiteko proiektu bat, baina aldatu egin genuen, ahalik eta lasterren eraiki ahal izateko. Ordea, herritarrek eta auzokide elkarteak beste aukera bat proposatu digute duela gutxi, eta haren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzen ari gara. Beharrezko aurrekontua zein den dakigunean, baloratu ahalko dugu ea obra biak egin daitezkeen aldi berean, ala, igogailuaren aurrekontua hasierakoa baino handiagoa baldin bada, berrurbanizazio-lanak aurrerago egin behar ditugun”, argitu du Iragorrik.

FORUAKO ETA KARMELO TORREKO IGOGAILUAK. Irisgarritasunari dagokionez 760.000 euro inbertituko ditu Udalak. Foruak kaleko hiri-igogailuaren proiektua idatziko dute aurten, eta berau eraikitzeko kontratua lizitatuko du Udalak 700.000 euroan. “Lurrak Udaleranak dira eta horregatik azkarrago doa proiektu hau. Aurreikusten dugu 2022. urterako bukatuta egotea Foruakeko igogailua, baina administrazio-epeen arabera izango da hori”, dio Iragorrik.

Foruak kalean hiri-higogailua eraikitzeko 700.000 euro bideratuko ditu Udalak // Geuria

Karmelo Torre kaleko igogailuaren kasuan, jabeen erkidegoek lurra laga behar diote Udalari igogailua eraiki ahal izateko: “Jabeen erkidegoek lurra lagatzeaz gain, baimena eman behar digute bertan esku hartzeko. Horretan gaude baldintzatuta”, dio Iragorrik. Gobernu taldeak 60.000 euro gordeko ditu Karmelo Torre kaleko proiektua idazteko.

MATXITXAKOKO APARKALEKUA. Udalerriko aparkalekuetan ere hobekuntzak egingo ditu Udalak datozen hiletan: batetik, Matxitxako kaleko aparkalekua oso-osorik berrituko dute (300.000 euro), eta bestetik, Urbiko aparkalekuan seinale horizontalak berriro margotuko dituzte (25.000 euro).

IGERILEKUA HANDITU KIROLDEGIAN. Inbertsioen zati esanguratsu bat, 790.000 euro, joango da udal kirol instalazioak modernizatu eta handitzera. Artunduagako kiroldegian erabilera anitzeko pista berria eraikiko dute (400.000 euro), padel pista berrietarako sarbidea hobetuko dute (140.000 euro), eta kirola egiteko elementuak jarriko dituzte bertan (gaur egun, ingurune hori ez da erabiltzen). Berrikuntza aipagarrienen artean, kiroldegi barruko igerileku txikia handituko dute, eta klimatizazio-sistema jarri (250.000 euro): gaur egun, 0,70 m-ko sakonera du, eta, obra egin eta gero, 1,10-1,20 m sakon izango denez, aukera egongo da bertan zenbait ikastaro emateko.

GAZTEGUNEA HERRIGUNERA. Gobernu Taldearen beste lehentasunetako bat izan dira nerabe eta gazteak, eta, hori dela eta, Gaztegunea herrigunera ekarriko dute. Hain zuzen ere, autonomia kalean eraikiko dute Gazteguneetako bat. “Lehen BBKren haurtzaindegoa zegoen tokian kokatuko dugu Gaztegune bat. Horrela, udalerriko auzo desberdinetako gaztentzat erosoagoa izango da bertara hurbiltzea”, dio Iragorrik: “Aspaldi da hori egiteko asmoa geneukala, eta, azkenean, aukera izango dugu”. Inbertsioa 150.000 euro ingurukoa izango da.

BBKko haurtzaindegia zena Gaztegune bihurtuko du Udalak // Geuria

UDAL WEBGUNEA BERRITU. 2020ko gerakinari esker, gainera, honako hauek ere egingo dira: udal webgune berria garatu (60.000 euro), gizarte-bazterkeria bizi dutenei eta adinekoei emandako arreta indartu, zenbait hobekuntza IMFPB Basauri OLHUIn eta udaltzainentzako motor berriak erosi. “Eta, ekonomia kudeatzean egin ohi dugun bezala, zuhur jokatu, eta gerakinaren zati bat gordeko dugu, etorkizunean sor daitezkeen beharrizanei erantzuteko. Izan ere, beherakada egon da udal erakunde batzuen jardueretan -adibidez, Basauri Kirolaken, adinekoen egoitzan edo Social Antzokian-, eta, beraz, horien diru-sarrerak ere txikitu dira”, dio Iragorrik.

Asier Iragorrik gogorarazi du aipatutako proiektuez gain, azken hileotan beste zenbait abiarazi dituztela, eta batzuk kontratazio-fasean daudela, edo amaituta: Bizkotxaldeko hareazko parke berria, hiri-hondakinetarako transferentzia-gunea, San Migeleko aparkalekua, hobekuntzak Larrazabalen, Zuberoa parkea San Migelen, komun publiko berria Kareagan, argiteria hobetzeko lanak, kiroldegiko espaloia hobetzeko lanak, edota Artunduagako aldagela berriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak