→Basauri

Basauriko Kultur Etxeko zuzendariak 2016ko dietetan kobratutako 2.500 euro itzuli behar izan zituen

2005 eta 2017 urteen artean Ayok 148.000 euro kobratu zituen dietetan Udaletik eta Eusko Jaurlaritzatik.

Social Antzokiko zuzendaria ere bada Gerardo Ayo / Geuria

Basauriko Udaleko barne zerbitzu juridikoek ikerketa abiatu dute Gerardo Ayo Basauriko Kultur Etxeko zuzendari eta arduradunak udal-erakundean dituen ardurengatik eta jarduerengatik kobratu dituen dietak aztertzeko. Social Antzokiko zuzendaria eta arduraduna ere bada Ayo. 2005 eta 2017 urteen artean antzerki azoketara egindako bidaiengatik kobratu zituen gastuak ikertzen ari dira zerbitzu juridikoak.

Horien guztien berri eman die Basauriko alkateak Bozeramaileen Batzordean herriko gainontzeko alderdi politikoei, eta gaur bertan Podemos Basaurik publiko egin ditu zenbait datu: 2005 eta 2017 urteen artean, “Redescenasetik kobratutakoaren faltan”, Ayok 148.000 euro kobratu zituen dietetan Udaletik eta Eusko Jaurlaritzatik. Podemos Basaurik azaldu duenez, 2016ko dietetan kobratutako gehiegizko 2.500 euro itzuli behar izan zituen Kultur Etxeko zuzendariak, dietetako zenbait gastu bi aldiz kobratzegatik. “Zerbitzu juridikoek 2016ko jokabidea gainontzeko urteetan ere errepikatu den argitu behar dute orain”, azaldu du Bobi Galdosek, Basauriko Podemoseko bozeramaileak.

“Hiru aldiz kobratutako gastuak”

Basauriko Elkarrekin Podemos alderdiak prentsaurrean salatu duenez, Kultur Etxeko zuzendariak, antza, hiru erakunde ezberdinetan kobratu ditu antzerki azoketara egin dituen bidaien gastuak. “Basauriko Udala -Kultur Etxearen bidez-, Eusko Jaurlaritza -SAREAren bidez- eta Redescena -Antzoki, Auditorio, Zirkuitu eta Jaialdietako Espainiako Sarea- dira auzian sartuta dauden hiru erakundeak”, azaldu du Bobi Galdosek, alderdi morearen bozeramaileak. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuak aztertuta, “agerikoa da Ayok bi erakundeetan kobratu izan dituela, gutxienez, antzerki azoketara egindako bidaia bakoitzeko gastuak. Oraindik jakiteke dago Redescenatik zenbat kobratu duen. Ebidentzia honen aurrean abiatu dute ikerketa zerbitzu juridikoek”, azaldu du Galdosek.

Elkarrekin Podemosek esku artean du bidaia-gastu horien ondorioz 2005 eta 2017 urteen artean Ayok Udaletik eta Jaurlaritzatik kobratu dituen dieten zenbatekoa. “Udalak erabat zehaztu du gastu bakoitzaren arrazoia; ez du hala egin Jaurlaritzak: 600 euroko kopurua ezarri du Ayok egin duen bidaia bakoitzeko”, azaldu du Galdosek.

Alderdi Moreak eskainitako datuen arabera, hamabi urte horietan SAREAk (Eusko Jaurlaritzak) 75.492 euro ordaindu dizkio dietetan Kultur Etxeko zuzendariari. Kultur Etxeak (Basuriko Udalak), bere aldetik, 73.104 euro ordaindu dizkio epe berean bidaia-gastuei lotuta. “Oso datu antzekoak dira, eta dietak azoka berara joateagatik kobratu ditu”, dio Galdosek. Podemoseko bozeramailearen esanetan, Espainiako Antzerki Sareak ez dio alderdiari Gerardo Ayoren dietak zehazteko eskakizunari erantzun. Horren harira, Basauriko Elkarrekin Podemosek Udalari eskatu dio gastu hauen inguruko informazioa inplikatutako erakundeei -Eusko Jaurlaritzari eta Redescenari- eskatu diezaiela, Ayok arauz kanpoko dietak kobratu ote zituen argitzeko. Hala behar izanez gero, gertaerak Bizkaiko Fiskaltzan salatzeko eskatu dio ere Udalari. Halaber, “Gerardo Ayoren portaera bestelako herrietan ere eman den edo ez” ikertzeko eskaera luzatuko die Podemosek inguruko Udalei.

Basauriko Gardentasun Atariak jasotzen dituen 2014ko aurrekontuetako datuen arabera, Basauriko Kultur Etxearen zuzendari nagusiak 64.410 euroko soldata gordina du; % 80 karguaren soldata (51.528 euro) eta % 20 karguaren plusa (12.882 euro), dietak aparte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak