→Basauri

Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimen omenezko ekitaldia antolatu dute ekainaren 13an Basaurin

1936ko altxamendu faxistaren biktimak omentzeko ekitaldia antolatu du Kareaga Auzo Elkarteak Basaurin ekainaren 13an.

Galdakaon duela urte batzuetik hona gogoratzen dituzte 1937ko bonbardaketako biktimak // Geuria

Gerra Zibileko bonbardaketen inguruan hitz egiten denean burura datoz Gernikakoa eta Durangokoa, baita Hego Uribe eskualdean Galdakaokoa ere. Hala ere, eskualdeko beste herrietan ere bonbardaketak eta hildakoak izan ziren. Basauriren kasuan, 1936ko irailetik 1937ko ekainera bitartean, Condor Legioaren eta Italiako Abiazio Legionarioaren bonba-jaurtitzaile eskuadrilak 100 bat aldiz igaro ziren herritik. Gora eta behera ibili baziren ere, bost aldiz bonbardatu zuten herria, 1936ko irailaren 25a eta 1937ko maiatzaren 11a bitartean.

1937ko ekainaren 15ean Basauritik Abusura zihoan Santanderreko trenbidearen tunelaren sarreran, Kareaga auzoan, bonbak jaurti zituzten tropa frankistek, eta besteak beste, Mancha Aguirrebeitia familiako zenbait kide harrapatu zituen obus batek: “Amama, ama (39 urte), eta bi anai-arreba (13 urte eta 7 hilabete) hil zituen obus batek, Kareaga eta Ollargan lotzen dituen FEVEren trenbidearen tunelean babestera zihoaztela”, diote Kareaga Auzo Elkarteko kideek. Basauriko udal webgunean azaltzen den bezala, herrian 18 babesleku antiaereo aurkitu zituzten.

“Beste hiru anai-arrebak (Enrique, 15 urtekoa; Felipe, 7 urtekoa eta arreba bat) lortu zuten tunelera heltzea eta obusetik salbatzea. Tuneletik ihes egin zuten Bilboraino. Gero, Asturiasera eraman zituzten eta handik, Frantziara, itsasontzian. Penintsulara itzulitakoan, Katalunian, txertoak jarri zizkieten eta neska hil egin zen. Bi urte eta gero, Enrique eta Felipe Basaurira itzuli ziren, izekoekin batera. Hala ere, diktadura frankistaren jazarpena pairatu zuten. Enriqueren kasuan, espetxeratu ere egin zuten”, diote Kareaga Auzo Elkartetik. Aita, Maximo Mancha Carreza, frontean zegoen eta 1938ko martxoaren 12an fusilatu zuten Derion, eta beste anaia nagusia ere frontean zegoen, eta gaur egun ere ez dute topatu haren inguruko dokumenturik.

Kareaga Auzo Elkarteak oroimen ekitaldi bat antolatu du ekainaren 13an, igandez, Basaurin, Mancha Aguirrebeitia familia eta erregimen haren biktima izandako basauriar guztien omenez. Ekitaldia Kareaga Goikoa kaleko 15-17 plazan izango da 12:00etan.

2006an Basauriko El Social egunkariak Mancha Aguirrebeitia familiaren bizipenen inguruko erreportajea argitaratu zuen, Enrique eta Felipe oraindik bizirik zeudenean. Iñaki Erdoizak idatzi zuen erreportajea eta GEURIAk hura euskaratu eta webgunean publikatu du. Gainera, 2017an, bonbardaketen 80. urteurrenean GEURIAk ale berezia kaleratu zuen.

Gerraren memoria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak