→Basauri

Bideoa | Gerra zibilaren eta erregimen faxistaren biktimak omendu ditu Kareaga Auzo Elkarteak Basaurin

Gerra zibilaren eta erregimen faxistaren biktimak omendu zituen atzo Kareaga Auzo Elkarteak Basaurin. 1937ko ekainaren 15ean faxistak Basaurin sartu zireneko unea gogorarazi zuten ekitaldi xume batean. Besteak beste, Roman Garcia basauriarrak ‘Antzinako’ liburuan argitaratutako ‘El día más infausto de Basauri’ (GEURIAk euskaratuta) testua irakurri zuten, baita ‘Gerra eta emakumea’ testua irakurri ere. Ekitaldiaren amaieran Edurre Dantza Taldeak ‘Agurra’ dantzatu zuen eta ondoren plaka bat jarri zuten, mural baten ondoan. Gaur, ordea, ez dago ez plakarik ez muralik: “Atzo ipinitako plaka norbaitek kendu zuen arratsaldean, eta gauean hormairudia ere desagertu da”, adierazi dio GEURIAri auzotar batek. 

“Gerra Zibila funtsezkoa izan zen Euskal Herriaren historian, eta, zoritxarrez, oraindik ere eragin handia du egungo gizartean. Hala ere, herritarren artean ez dago gertatutakoaren ezagutza sakonik, are gutxiago belaunaldi berrien artean. Diktaduran ezarritako beldur eta isiluneek iraun dute eta funtzionatzen jarraitzen dute ‘Trantsizio Demokratikoa’ deritzonaren ostean”, dio Asier Erdozain ‘Werfas’ Kareaga Auzo Elkarteko kideak: “Ekitaldi honekin auzotarrak sentsibilizatzea da asmoa”. Aurten egin dute lehenengo oroimen ekitaldia, eta asmoa dute datozen urteetan ere antzeko ekitaldiak antolatzea: “Auzoko eta auzotarren historia ezagutarazi nahi dugu, ahanzturan geratu ez dadin”, diote.

Ekitaldia Kareaga Goikoa kaleko 15-17 zenbakien artean dagoen plazan egin zuten. “Ez dugu kasualitatez kokaleku hau aukeratu. Hementxe bertan, ekainak 15 zorigaiztoko hartan, familia bat –Perez Mancha Agirrebeitiarrak–, beste bizilagun batzuekin batera, babes bila zihoazen trenaren tunelerantz. Hala ere, denak ez ziren garaiz iritsi, tropa frankistek familia hartako lau kide hil baitzituzten obus batekin”, dio Erdozainek: “Egun zorigaiztoko hartan hildako gehiago izan ziren auzoan; besteak beste, Aniceto Gurrutxaga Duo“. Era berean, Francisco Perea Ealo Kareaga auzoko bizilaguna eta Basauriko alkate errepublikanoa ere gogorarazi dute ekitaldian: “Bere herria ezin defendatu izanak frustrazioa eragin zion eta bere buruaz beste egin zuen 1937ko ekainaren 6an, frankistak udalerrira hurbiltzen ari zirenean”.

“Oroimen historikoa berreskuratzea ez da soilik gogora ekartzea eta denboran atzera egitea. Pentsamendu kritikoa sustatzeko modu bat ere bada, berdintasun- eta askatasun-terminoetan oinarritutako gizarte hobe baterantz joateko hain beharrezkoa dena”, dio Erdozainek. 

Gerra eta emakumea

Leire Delgado auzotarrak irakurritako testua

Ohikoa da gerrate zibila eta gainontzeko gertakari historikoak gizonezkoek azaltzea, kontakizun horietan gizonak protagonistak izanik, gizonezkoek beti eginkizun nagusia gordez; gerrateetan ohikoa izan delako gudako eta armetako gertakariei protagonismoa ematea.

Gutxitan entzun ditugu emakumeak ahots propioz gerrari buruz hitz egiten eta haien bizipenak lehen lerrora ekarriz. Izan ere, emakumeok gerretan zehar baina baita egunerokoan ere egiten ditugun lanak ez du aitortzarik ezta errekonozimendurik izaten; zaintza lanak adibidez, askotan ez dira lan gisa hartzen. Lan hauek gainera muturreko egoeretan pisu gehiago hartzen dute; migrazio prozesuen, ihesen edo erbesteen ondorioz.

Gerra behin bukatuta errepresioak jarraitu egin zuen eta frankistek armen bidez lorturiko botereaz legalitate berria eraikiko dute; genero bereizketak indartuz eta gorputz eznormatibo eta ez- produktiboak kriminalizatuz eta zigortuz. Honetaz gain, errepublikarekin edozelako harremana izan zuten emakumeek jazarpenak sufrituko dituzte.

Diktaduran zehar gailendutako kultura katolikoaren baitan, emakumeon lekua esparru pribatura mugatua zegoen, etxe barrukora. Emakume eredugarriaren prototipoa diseinatua zen, hedabideen, eskolen eta eliza beraren bitartez plazaratuko zena.

Beharrezkoa da emakumeek izandako bizipenei ahotsa ematea eta hauek sozializatzea. Historia ikuspegi androzentriko batetik idatzia izan da eta denoi dagokigu honen berrikuspena egitea eta ikuspegi feminista batetik interpretatzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak