→Basauri

Helena Gonzalez, Ander Gomez eta Ianire Sagasti basauriarren sorkuntzak oraindik ere ikusgai, Arizko Dorretxean

Artearekin lotura handia du Basaurik. Urteetan zehar hainbat dira arte plastikoen alorrean aritu izan diren basauriarrak, eta horiei zabalkundea emateko asmoz, Gure Artean erakusketa antolatzen du urtero, 2015etik, Basauriko Udalak. Aurten Helena Gonzalez, Ander Gomez Miranda eta Ianire Sagasti basauriarren sorkuntzak ikusgai daude Arizko Dorretxean: margolanak, olerkiak, argazki digitalak eta marrazkiak dira erakusketan ikus daitezkeenak. Erakusketa urtarrilaren 14ra arte egongo da ikusgai.

Helena Gonzalezek (Basauri, 1964) instalazio iragankor bat aurkeztu du, “bizitzan zehar egiten noan marrazki eta lanak apurtu ostean sortutako zatiekin eraikia”, dio. ‘Hospitalaria’ (euskaraz, abegitsu, abegikor) izena jarri dio Helenak erakusketa honetako lan sortari: “2018tik aurrerako nire lan plastikoari eman diodan izena da ‘Hospitalaria’. Hitz horrek definitzen du nire jarduna, eta lorzen du, batetik, bere erro etimologikotik jaiotzen den polisemia aberatsarekin, eta bestetik, ideia sinonimoen hedadura semantikoarekin”, dio Gonzalezek.

Helena Gonzalezen sorkuntza // Geuria

Ander Gomez Mirandaren (Basauri, 1988) lanak figurazio oso berezi eta pertsonal batean kokatzen dira. Pinturaren historiatik datozen erreferente eta jakintza teknikoen eragina somatzen da bere sorkuntzan, baita pintura flamenko eta tenebristaganako interesa ere. “Ordea, zaila da bere obra sailkatzea. Margoetan antzematen da etengabeko dikotomia eta tentsioa iraganaren eta orainaldiaren, errealaren eta idealaren, akademikoaren eta espresiboaren, sakonaren eta pasadizozkoaren, ederraren eta arraroaren, atenporalaren eta iragakorraren artean”, diote Basauriko kultur arloko adituek: “Itxura batean kontrajarriak diren kontzeptu horiek definitzen dute bere lana”.

Ikusle bat Ander Gomez Mirandaren lanak ikusten // Geuria

Ianire Sagastik (Bilbo, 1983) ‘Desestructuradamente. Formas de destrucción’ sorkuntza aurkeztu du Gure Artean erakusketan. Bere sorkuntzaren abiapuntua argazkigintza da: “Izaera hauslea duten zenbait fase eta prozesutatik igaro eta gero, testuinguru erabat piktorikora iristen da, eta azkenean, koadroa da sormen-ziklo honen emaitza”, dio Sagastik: “Intimoaren eta existentzialaren eremuak urratzen dituzten irudi jakin baten aztertzen ditu proiektuak, eta horiekin esperimentatzen dut. Berez, gu gagozkion subjektu sozialaren gaineko hausnarketa bat da, nortasunaren tolesduretan sakontzen duten ikuspuntuetatik egindakoa. Horrela bada, nire autoerretratua baliatu dut neure burua ikertzeko eta giza jokamoldeak erantzun existentzial gisa aztertzen dituzten adierazpenak lortzeko”.

Ianire Sagastiren autoerretratuak // Geuria

Gure Artean 2015ean sortu zuen Basauriko Udalak eta urtero antolatzeko helburua dute antolatzaileek. “Basauriarrei gogorarazteko eta herrian bertan zer sortzen den jakinarazteko egiten dugu Gure Artean”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak