→Basauri

Hamar zuhaitz berri landatuko dituzte Basaurin, Leoi kalean kenduko dituztenen ordez

Leoi kalea, Basaurin // Geuria

Leoi kalean argiteria publikoa berritzeko lanak hasiko ditu Basauriko Udalak datozen egunetan. Hori dela eta, udal ordezkariek jakinarazi dutenez, hamaika zuhaitz kendu beharko dituzte: “Espaloietan farolak jarriko ditugu, eta horretarako, hamaika zuhaitz kendu behar dira. Ekintza hori berdegune, lorezaintza eta hiri-zuhaitzen babesari eta kudeaketari buruzko ordenantzan ezarritakoarekin lotuta dago”, diote. Hain zuzen ere, ordenantza horren arabera, “udal-ikuskapenaren ondoren, zuhaitzak kentzea baloratuko da argiztapen egokia eta efizientea oztopatzen edo eragozten duten edota kanalizazioetatik distantzia nahikorik gordetzen ez badute”. Ordenantza hori aho batez onartu zuen udalbatzak abenduko osoko bilkuran.

Kenduko dituzte hamaika zuhaitzetatik bi Lapatza ibaiaren inguruan edo Artunduagako berdegune batean birlandatzeko asmoa agertu du Udalak. “Leoi kaleko gainerako zuhaitzen tamaia handiak horiek birlandatzea zailtzen du. Beraz, kenduko direnak ordezkatzeko hainbat espezietako zuhaitzak landatuko ditugu Basauritik zehar”, diote udal arduradunek. Datuak datu, Valentzia kalean bi udareondo jarriko dituzte, Leoi eta Nagusia kaleen arteko jolas gunean sagarrondo bat, Bizkotxalde parkeko txakurren gunean bost arte eta Bizkotxalde parkean bertan bi lizar.

Igelaren pasealekuan: ZUHAITZAK KENDU, BERRIAK JARRI

Bestetik, Igelaren pasealekuan zuhaitzen “mozketa masiboa” salatu du Sagarrak talde ekologistak: “Kendu beharreko zuhaitzen kopurua 50 baino handiagoa izango da”. Zentzu horretan, udal teknikariek, lursaila aztertu ondoren, erabaki zuten pasealekuaren zoladura osoa birjarri behar dela Soloarteko parkeko pasabidetik igel toka dagoen eremuraino: “Horretarako, zenbait zuhaitz kendu beharko dira; izan ere, bestela, denbora kontua izango da berriro ere pasealekutik ibili ezin izatea sustraiek eragindako kalteengatik”, adierazi zuten orduan udal ordezkariek. 

“Kendu beharreko zuhaitzak ezin dira birlandatu, beren ezaugarriak, mota eta tamaina direla eta. Hartara, egingo duguna da arbola kopuru bera landatu udalerriko beste toki batzuetan”, diote udal arduradunek. Hain zuzen ere, erriberako espezieen 55 ale landatuko dituzte, hala nola, lizarrak, urkiak, sahatsak, pagoak edo sagarrondoak, udalerriko leku hauetan: “Hamabost zuhaitz igelaren bideko bertako ibaiertzean, hamar Soloarten, bost Pinceles parkean, hamar Ibarreta ibarrean eta etorkizunean, beste hamabost Pozokoetxen”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak